Herriko hiru txirrindulari, asteburuan jokatuko den Espainiako Pista Txapelketan

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 26a, 00:00

Asteburu honetan, Mallorca uharteko Palma Arenan jokatuko den Espainiako Pista Txapelketan Usurbilgo hiru txirrindulariek parte hartuko dute; Jon Sarasuak, Beñat Lizasok eta Amador Granadosek. Raquel Mateo eta Guillermo Prietorekin batera Euskadiko selekzioa osatu dute, eta aipatu moduan, txirrindularitza egokituari dagokion mailan lehiatuko dira. Ostiralean, erlojuaren aurkako txapelketa jokatuko da eta etzi, larunbata, jazarpen eta taldekako lasterketak. 

Amador Granados, Munduko Txapelketari begira
Balear irletakoa ez da izango, Amador Granados herritarrak datozen asteotarako duen hitzordu bakarra. Otsailaren 10etik 13ra Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles hirian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko du usurbildarrak; kilometroko erlojupekoan eta jazarpen proban.