Zubietako makro-kartzelari buruzko hitzaldia, otsailaren 4ko manifestaldiaren atarian

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 26a, 00:00

Gipuzkoan aurreikusiak dauden azpiegitura erraldoien aurkako manifestaldia deitua dago otsailaren 4rako. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Donostiako Bulebarretik. Deitzaileen artean daude, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Gipuzkoa Zero Zabor, AHT Gelditu! Elkarlana, Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea, Mutriku Natur Taldea edota PTPren aurkako Oiartzungo taldea. Mobilizazioari atxikimendua adierazia diote jada, hainbat alderdi politiko eta sindikatuek. Zubietako erraustegi eta makro-kartzela, Jaizkibelgo superportua edota Abiadura Handiko Tren egitasmoak geldiaraztea eskatu eta eredu aldaketa bat aldarrikatzera deitzeko, hitzorduan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.


Zubietako makro-kartzela hizpide
Otsailaren 4ko manifestaldiaren aurretik, hainbat ekitaldi antolatu dira; solasaldi, irteera edota proiekzioak. Tartean Zubietako makro-kartzela hizpide izango duen mahai-ingurua programatu dute, otsailaren 2an, iluntzeko 19:00etan Donostiako Okendo kultur etxean. Ahtgelditu.org web orrialdetik iragartzen ari direnez, hitzorduan Salhaketa elkarteko kide Cesar Manzanosek, Donostiako udal ordezkari batek eta presoen aldeko Arrats elkarteko kide Jose Maria Larrañagak parte hartuko dute.