13 udalerrirekin batera parte hartuko du Usurbilek, Kutxako Kontseilu Nagusian

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 26a, 00:00

Gehiengo osoz erabakita, Usurbilgo Udalak Hernani, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Villabona, Lizartza, Mendaro, Mutriku, Zaldibia, Ataun, Ibarra, Ordizia eta Legorretako Udalekin batera parte hartuko du Kutxako Kontseilu Nagusian. Beste hamahiru udalerrirekin batera beraz, atzo arratsaldean burutu zen ezohiko osoko bilkuran erabaki zutenez. Kutxako Kontseilu Nagusian parte hartzeko modu honen alde agertu zen gobernu taldea. Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE-ko ordezkariak abstenitu ziren eta Hamaikabatek aurka bozkatu zuen. Udalbatzak atzo erabakitakoaren berri eman beharko dio orain, Kutxari. Mertxe Aizpurua alkateak bilkuran aipatu zuenez, Usurbilgo Udalaren parte hartze honekin, "gipuzkoarren interesak hobeto defendatuko ditugu".


Asteartean, ohiko osoko bilkura
Gainerako aipatu udalerrien taldean sartzeko asmorik izanez gero, proposamenari onespena emateko urtarrilaren 30era arteko epea zuen Usurbilgo Udalak. Horregatik deitu zen atzoko osoko bilkura, datorren ohiko saioa, epez kanpo, hilaren 31n burutuko baita. Betiko ordu eta lekuan; arratsaldeko 18:00etatik aurrera udalbatza aretoan.