2012ko udal aurrekontuak herri eragileei aurkeztuko zaizkie, otsailaren 1ean

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 26a, 00:00

Bilduren gobernu taldeak prest du 2012rako udal aurrekontu proposamena. Orain, herriko eragileei aurkeztu nahi die, otsailaren 1erako iluntzeko 19:00etan Artzabalen deitu duen bilkuran. Hitzorduko deitzaileek prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, "jakitun gara garai zailak direla, eta noski, krisi egoerak eragina izango du aurkeztuko ditugun aurrekontuetan. Izan ere, diru iturrien murrizketa nabaria izango da eta bestalde, azken orduko ezusteko batzuk -uholdeek sortu dituzten kalteak hainbat herri bidetan, adibidez- isla izango dute 2012ko udal aurrekontuetan".

Edozein kasutan, herriaren beharrei erantzun asmo dien proposamena prestatu dutela adierazi dute gobernu taldetik. "Aurrekontu aurrerakoiak eta herriaren beharrei erantzuna emateko helburuarekin diseinatutako plangintza bat proposatuko dugu", zehaztu dute Bildutik.

Parte hartzeko gonbita

Aipatu moduan, proposamena datorren asteazkenean herriko eragileekin partekatuko dute, baina ez da jendaurrean burutuko duten lehen aurkezpen saioa. Gaia, abendu amaieran herri batzarrean aurkeztu baitzuten. "Abenduan herritarrei aurkeztu genizkien herri batzarrean eta ondoren talde politikoei ere helarazi genizkien. Beraien ekarpenak jasotzeko tartea ere izan dugu eta oraingo honetan herriko eragile ezberdinekin konpartitu nahi ditugu aurrekontuan behin behingoz onartu aurretik", ohartarazi dute. 

Otsailaren 1eko ekitaldian parte hartzera deitzen dute. "Hemendik gonbidatu nahi ditugu Usurbilgo eragileak bertan parte hartzera. Bildu udal taldearen aldetik behar diren zehaztasun, argibide eta azalpenak izango dituzte eta iritziak eta ekarpenak trukatzeko aukera ezin hobea izango da", adierazi dute Bildutik.