Santa Ageda bezpera prestatzeko entsegua gaur, eta kantu-jira bihar

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 27a, 00:00

Otsailaren 4a ate joka dugu jada, astebete barru ospatuko da Santa Ageda bezpera. Kantu eskean irteteko bi hitzordu deitu dira; bat Kaxkoan, bestea Zubietan. Ekimenok egoki prestatzeko entsegu saioak ere deitu dituzte datozen egunotarako. Zubietan, gaur iluntzeko 19:00etarako Kaxkapen egina du hitzordua Zubieta Lantzenek. Kaxkoan, datorren asteartean, urtarrilaren 31n, 18:30etan Udarregi Ikastolan Euskal Kantu Taldekoek eta Bota Punttuba Bertso Eskolakoek. 

Datorren hileko lehen larunbatean, herritarrak deialdiotan parte hartzera deitzen dituzte. Hori bai, egoki jantzita eta makila eskuetan dutela agertu beharko dute ordu eta lekuotan:

-Zubietan, 18:00etan abiatuko da kalejira. Antolatzailea: Zubieta Lantzen.
-Kaxkoan, 18:30etan, Mikel Laboa plazan. Antolatzaileak: Euskal Kantu Taldea eta Bota Punttuba Bertso Eskola.

Bihar, kantu-jira
Santa Ageda bezpera heldu artean, ohi bezala, hilabeteko azken larunbat honetan ospatuko da urtarrilari dagokion kantu-jira saioa. Kantuzaleek biltzeko betiko hitzordua dute; iluntzeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. Euskal Kantu Taldetik ekitaldion atarian gogorarazten duten moduan, ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.