"Tupper" berrerabilgarrien banaketa, larunbat goizean Dema plazan

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 27a, 00:00

Herriko saltokietan erositako haragia edo arraina gordetzeko ontzi berrerabilgarriak eskuratu nahi dituztenek, larunbat goiz honetan hitzordua dute Dema plazan, 11:30-13:30 artean. Usurbilgo Udalak, Hurbilago Elkarteak, Kutxa Ekoguneak, herriko zenbait saltokik eta Usurbil Zero Zabor bilguneak bihar abian jarriko dute astebete iraungo duen "Ontziratu zaitez!" kanpaina. Egitasmo honen baitan, 1.000 ontzi berrerabilgarri doan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek. Etxebizitza bakoitzeko ontzi bana jaso ahal izango da. 


Egitasmo honekin harategi edo arrandegietan, paper eta plastikozko poltsen erabilera murriztu nahi da. Ekimeneko bultzatzaileek asteartean burutu zuten aurkezpen ekitaldian gaineratzen zutenez, erosotasun eta garbitasunean ere irabaziko dute salokietako langile eta bezeroek. Ekonomikoki ere aurreztea ekarriko du, eta ontzi berrabilgarriak erabiltzen dituztenen artean, hilero 30 euroko erosketa-saria zozketatuko da kanpainan parte hartzen ari diren saltoki bakoitzean. Guztira, hauek dira "Ontziratu zaitez!" izeneko egitasmoan murgildu diren erakunde edo saltokiak:
-Usurbilgo Udala. 
-Kutxa Ekogunea. 
-Hurbilago Elkartea. 
-Usurbil Zero Zabor. 
-Saltoki hauek: Mikel arrandegia, Pello arrandegia, Alkorta harategia, Arruti harategia, Artzabal supermerkatua, Esnaola Etxabe harategia, Imanol Txapartegi harategia eta Otar Goxo harategia.

Ontzien banaketa, otsailaren 4ra arte
Bihar Dema plazara agertu ezin duenak, hona hemen ontzi berrerabilgarriok eskuratzeko dituen aukerak:
-Urtarrilak 28, larunbata: 11:30-13:30 artean Dema plazan. 
-Urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra: denden ordutegian; Kaxkoan, Juantxo Burdindendan; Aginagan, Imanol Txapartegi harategian; eta Santuenean, Esnaola Etxabe harategian. 
-Otsailak 4, larunbata: 11:30-13:30 artean Dema plazan. 

Konpostaje komunitarioan izen emateko aukera
Ontziak eskuratzeko aukeraz gain, larunbat goiz honetan, eta otsailaren 4an ere, Usurbilgo Udalak eta Usurbil Zero Zabor bilguneak abian duten autokonpostaje komunitarioan izen emateko aukera egongo da. Gaur egun, Artzabalen martxan da zati organikoa ongarrian bihurtzeko ahalegina egiten duen inguruko bizilagun talde baten esperientzia. Baina laster halako gune gehiago irekiko dira, Kaxko inguruan. Aipatu moduan, autokonpostatze komunitarioan izen emateko aukera egongo datozen bi larunbatetan, Dema plazara gerturatuta, 11:30-13:30 artean. 

Konpostaje komunitarioa 
Zati organikoa etxean autokonpostatu ezin dutenek, berau birziklatzeko badute bigarren aukera bat; duela hilabete batzuetatik Usurbilgo Udalak eta Usurbil Zero Zaborrek abian duten konpostaje komunitarioaren egitasmoan parte har dezakete. Helburua, autokonpostajea burutu ezin den eremuetan ere zati organikoa ongarrian bihurtzea litzateke. 

Konpostatze komunitarioa egiteko bizilagun taldea osatu behar da, eta taldea osatutakoan, Udalak eurei herriko gune bat proposatuko die, konpostajea egin dezaten. Gero Udalak egokituko du gunea; itxitura batekin, zoladura egokiarekin eta 150 litroko beharrezko konpostatzaileak ere jarriko ditu. Taldeak konpostatzeari buruzko ikastaro bat egin beharko du, eta arduradun bat izendatu. Gero, konpostatze komunitarioan lorturiko ongarria erabiltzaileek euren etxeetan baliatu ahal izango dute. Bestela, Usurbilgo Udaleko zerbitzuek hartuko lukete. Konpostatze komunitarioan parte hartzen duten herritarrei %40ko hobaria aplikatuko zaie tasetan. Interesa duten herritarrek Atez Ateko bulegoan edota udaletxean bertan ere izena eman dezakete. Ondoko irudian, Artzabalgo autokonpostatze komunitarioko esperientzia gunea.