Urtarrilak 27 gaur, hilabete honetako azken ostirala, euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea burutuko da, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Deialdiok, Egin Dezagun Bidea ekimenak bideratzen ditu. Baina bilgune honetatik proposatutakoarekin bat eginez, aurrerantzean hilero herriko talde batek antolatuko du presoen eskubideen aldeko mobilizazioa. Azaroa amaierakoa, ITAYA Gazte Asanbladak deitu zuen. Oraingoan, Usurbilen Nahi Ditugu taldekoek hartuko dute lekukoa. “Gu ere ekimenaren partaide garen aldetik, hil honetakoa guk deituko dugu”, adierazi dute.
Aipatu moduan, gaur iluntzeko 20:00etan burutuko da elkarretaratzea. Hasiera batean, Mikel Laboa plazan. Deitzaileek ohartarazi dutenez ordea, eguraldi txarra egingo balu mobilizazioa pilotalekuan burutuko da.
Patxi Segurolari elkartasuna adierazteko, autobusez Parisera
Otsailaren 15a egun giltzarria izango da bi herritarrentzat. Batetik, Karlos Martin aske geratuko da jarri zioten espetxe zigorra bere osotasunean bete ostean. Bestalde, egun berean Patxi Segurola epaituko dute Parisen. Espainiar estatuak eginiko estradizio eskaeren inguruko erabakia jakinaraztekoa da epailea. Aginagarrari elkartasuna eta babesa adierazteko, Usurbilgo Ezker Abertzaleak Parisera joateko autobusa antolatu du. Izen emate orriak ere jarri dituzte jada, Txiribogan, Bordatxon eta Aginagako Arrate egoitzan. Bidaiari buruzko zehaztasun gehiagoren berri, datozen egunotan emango dute antolatzaileek.