Zubietako erraustegia, makrokartzela, Abiadura Handiko Trena, Jaizkibelgo superportua, Hondarribiako aireportuaren handitzea... Besteak beste, hauek dira Gipuzkoarako aurreikusiak dauden proiektu erraldoiak. Egitasmoon aurka mobilizatzeko deituak daude herritarrak. Larunbat honetan, otsailak 4, Donostian. Azpiegitura handion aurkako manifestaldia deitu dute, besteak beste, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak, Gipuzkoa Zero Zaborrek, AHT Gelditu! Elkarlanak, Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldeak, Mutriku Natur Taldeak edota PTPren aurkako Oiartzungo taldeak.
Egitasmo hauek geldiaraztea eskatu eta eredu aldaketa bat aldarrikatu nahi dute, aipatu moduan, larunbat arratsaldeko 17:30etan Donostiako Bulebarretik abiatuko den manifestaldian. Hainbat alderdi politiko eta sindikatuek ere bat egin dute Gipuzkoako hiriburuan deitua dagoen mobilizazioarekin.
Mozioa, biharko osoko bilkuran
Astearte honetan, urtarrilaren 31n burutuko da urteko lehen hilabete honi dagokion osoko ohiko bilkura. Hitzordua ohikoa izango da; saioa, arratsaldeko 18:00etan hasiko da udalbatza aretoan. Bilkurarako gai zerrendan iragartzen denez, Usurbil Zero Zabor taldekoek mozioa aurkeztuko dute, udal ordezkariek eztabaidatu eta onar dezaten. Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen aldekoa da, biharko osoko bilkuran aztertuko den testua. Donostian deitua dagoen manifestaldiko aldarrikapen gaia, bezperetan Usurbilgo Udalean jorratuko da. Osoko bilkuran jorratuko den gai zerrenda osoa, web orrialde honetako Agenda atalean.