Erositako arraina edo haragia jasotzeko "tupper" berrerabilgarrien kanpaina martxan da jada. Larunbat eguerdian banaketa postua jarri zuten frontoian, "Ontziratu zaitez!" kanpainako eragileek; Usurbilgo Udalak, Hurbilago Elkarteak, Usurbil Zero Zaborrek, herriko zenbait saltokik eta Kutxa Ekoguneak. Ontziak banatzen ari ziren arduradunen esanetan, postua jarri zuten unetik nabarmena izan zen herritarren joan etorria.
Gogoan izan, etxebizitza bakoitzeko ontzi bat doan eskuratu liteke. Herenegun pilotalekura gerturatzerik izan ez zutenek, larunbat honetan, otsailaren 4an "tupper" berrerabilgarria hartzeko aukera izango dute. Frontoira gerturatuta, 11:30-13:30 artean. Ordura arte, ontziok astean zehar honako saltokietan ere jaso ahal izango dira: Kaxkoan, Juantxo Burdindendan, Santuenean Esnaola Etxabe harategian eta Aginagan, Imanol Txapartegi harategian. Haragia edo arraina jasotzeko ontzi berrerabilgarriak erabiltzen dituztenen bezeroen artean, 30 euroko erosketa-saria zozketatuko da hilero, egitasmoan parte hartzen ari diren saltoki hauetako bakoitzean: Mikel arrandegia, Pello arrandegia, Alkorta harategia, Arruti harategia, Artzabal supermerkatua, Esnaola Etxabe harategia, Imanol Txapartegi harategia eta Otar Goxo harategia.
Autokonpostatze komunitarioan, izen emateko aukera
Urtarrilaren 28an bezala, larunbat honetan ere, etxerako tupper-a jasotzearekin batera, Usurbilgo Udala eta Usurbil Zero Zabor bultzatzaile dituen autokonpostatze komunitarioan izen emateko aukera egongo da, pilotalekuan jarriko duten postura gerturatuta. Azaroa amaieran inauguratu zen, lehen esperientzia gunea. Laster gehiago zabalduko dira. Zati organikoa ongarrian bihurtzeko ahalegina egiten duten herritarrek, %40ko hobaria jasoko dute.