Patxi Segurolaren inguruko mozioa aurkeztuko da, biharko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 30a, 00:00

Euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen alde joan den ostiralean, hilabete amaierako elkarretaratzea burutu zen frontoian. Jendetsua izan zen, Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak deituta urtarrilaren 27an burutu zen mobilizazioa. Hilaren 7an Bilbon eginiko manifestaldiko irudiak ikusteko aukera izan zen. Bide batez, zenbait iragarpen ere egin zituzten, azken ostiraleko elkarretaratzeez arduratzen den Egin Dezagun Bidea ekimeneko ordezkariek. 

Igandean, herri mugimendu berri baten aurkezpena
Lehen hitzordua, astearte honetarako, urtarrilaren 31rako egina dute. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan burutuko den osoko ohiko bilkuran, mozioa aurkeztuko du Usurbilgo Ezker Abertzaleak, Patxi Segurolaren estradizio eskaera dela eta. Aginagarra, otsailaren 15ean epaituko dute Parisen. Egun horretan jakinaraziko dio epaileak, espainiar estatuak eginiko estradizio eskaeren inguruko erabakia. Herritarrak biharko osoko bilkurara joatera deitu zituzten. 

Eta baita, otsailaren 15ean Usurbildik Parisera irtengo den autobusean izen ematera ere. Epaiketa egunean Segurolari babesa eta elkartasuna adieraztera joango den autobuserako, Bordatxon eta Txiribogan apuntatu liteke.

Bestelako iragarpen bat ere egin zen ostiraleko elkarretaratzean. Herritarrak igande honetan, otsailaren 5ean, eguerdiko 12:00etan Donostiako Kursaalen euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen inguruan sortuko den herri mugimendu berriaren aurkezpenera joatera ere deitu baitzituzten. Gaur, GARA egunkaria aurreratzen ari denez, "Herrira" izena izango duen mugimendu berriak erronka honi heldu nahi dio: "presoak eta iheslarien etxeratzea"ri.