Auzitegi Gorenak ere kolokan jarri du erraustegia, Usurbilgo Udalaren arabera

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 31a, 00:00

Usurbilgo Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Auzitegi Gorenak Zubietan aurreikusia dagoen erraustegi plantaren egitasmoa oinarri juridikorik gabe utzi du, kaleratu berri duen sententziarekin. Sententziaren nondik norakoak hauek dira. Prentsa oharrean gobernu taldeak gogorarazten duenez, "2009ko irailean, Usurbilgo Udalak ezarritako helegiteari erantzunez, Euskadiko Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Estatutuen hainbat artikulu baliogabetu zituen eta horren ondorioz Kontsortzioaren zabalkuntza legez kontrakoa zenez, Txingudi Mankomunitatea hortik kanpo geratu zen. Errausketa bultzatu zutenek helegitea aurkeztu zuten erabaki judizial horren kontra".

Baina Espainiako Auzitegi Gorenak helegi guztiok baztertu berri dituela jakinarazi du Udalak, "beraz, sententzia hori irmoa da. Honek, praktikan, Txingudi ez dela inoiz Kontsortzioko kidea izan suposatzen du eta, ondorioz, Txingudik parte hartutako Kontsortzioko Batzarretan hartutako erabaki guztiak baliogabetuta daudela". 

Proiektua, oinarri legalik gabe
Epai honen garrantzia zenbatekoa den nabarmentzen du Usurbilgo Udalak. "Sententzia honen garrantzia ikaragarria da, eragindako erabakien artean Zubietan eraikitzekoa zen proiektua baitago eta hori aurrera egiteko beharrezkoak ziren hainbat hitzarmen ere bertan daude. Auzitegi Gorenak orain emandako sententzian erabaki horiei guztiei bere oinarri legala kendu die".

Sententzia hau kaleratuta, honakoa da egun Zubietako errauste plantaren egitasmoaren egoera. Gobernu taldearen esanetan, "errausketarako proiektuak gizartean sortzen duen gaitzespenari, eta bere ekonomiarako eta osasunerako kaltegarritasunari, proiektuaren ahulezia juridikoa gehitzen zaie orain. Horrela izanik, proiektua gelditzeko Kontsortzioak abenduan hartutako erabakia, guztiz zuzena izan dela ondorioztatu behar dugu. Gipuzkoako alkate gehienek igorritako idazkiak, erraustegiaren beharra deuseztatzen dutenak, nahikoa ez baziren, Auzitegi Gorenak beste arrazoi bat ere eman dio Gipuzkoari errausketarako proiektua betirako baztertzeko: ez du oinarri juridikorik".

Azpiegitura handien aurkako manifestaldia, larunbatean
Zubietako erraustegia, makrokartzela, Abiadura Handiko Trena, Jaizkibelgo superportua, Hondarribiako aireportuaren handitzea... Besteak beste, hauek dira Gipuzkoarako aurreikusiak dauden proiektu erraldoiak. Egitasmoon aurka mobilizatzeko deituak daude herritarrak. Larunbat honetan, otsailak 4, Donostian. Azpiegitura handion aurkako manifestaldia deitu dute, besteak beste, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak, Gipuzkoa Zero Zaborrek, AHT Gelditu! Elkarlanak, Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldeak, Mutriku Natur Taldeak edota PTPren aurkako Oiartzungo taldeak.

Egitasmo hauek geldiaraztea eskatu eta eredu aldaketa bat aldarrikatu nahi dute, aipatu moduan, larunbat arratsaldeko 17:30etan Donostiako Bulebarretik abiatuko den manifestaldian. Hainbat alderdi politiko eta sindikatuek ere bat egin dute Gipuzkoako hiriburuan deitua dagoen mobilizazioarekin.

Mozioa, gaurko osoko bilkuran
Astearte honetan, urtarrilaren 31n burutuko da urteko lehen hilabete honi dagokion osoko ohiko bilkura. Hitzordua ohikoa izango da; saioa, arratsaldeko 18:00etan hasiko da udalbatza aretoan. Bilkurarako gai zerrendan iragartzen denez, Usurbil Zero Zabor taldekoek mozioa aurkeztuko dute, udal ordezkariek eztabaidatu eta onar dezaten. Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen aldekoa da, gaurko osoko bilkuran aztertuko den testua. Donostian deitua dagoen manifestaldiko aldarrikapen gaia, bezperetan Usurbilgo Udalean jorratuko da beraz.