Urtarrileko azken asteartea izanik gaur, osoko ohiko bilkura burutuko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera udalbatza aretoan. Besteak beste, hirigintza alorreko zenbait gaiekin batera, lau mozio aurkeztuko dira gaurkoan. Bilduk bi testu aurkeztuko ditu, Kutxabank-en ingurukoa lehena, eta Sektore Publikoaren erreformen ingurukoa bigarrena.
Bilkurara joateko deia
Usurbil Zero Zabor taldeak larunbatean Donostian dagoen manifestaldiari begira beste mozio bat aurkeztu du. Eta azkenik, Usurbilgo Ezker Abertzaleak, Patxi Segurolaren estradizio eskaerak direla eta beste testu bat errejistratu du gaurko osoko bilkuran jorratzeko. Herritarrei hain zuzen, aipatu hitzordura joateko deialdia egin zitzaien, joan den ostiralean burutu zen presoen eskubideen aldeko elkarretaratzean.
Lau mozio eta beste hainbat puntuz osaturik, honakoa da udal ordezkariek gaurkoan aztergai izango duten gai zerrenda:
1-Aurreko akten onespena: 2011/12/22ko ezohiko bilkura; 2012/01/25eko ezohiko bilkura.
2-18 udal etxebizitzen alokairuaren kudeaketagatik Alokabide, S.A. sozietateari ordaindu beharreko ordainsariak eguneratzeko, honen eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eranskina, hala nola datu pertsonaletarako sarbidea duen tratamendu-enkargurako kontratua onartzea.
3-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-4 (Txagañeta) Sektoreko Ezaugarri Fitxaren Aldaketa (10 Aldaketa) Puntualaren hasierako onespena ezeztatzea.
4-Udalbiltza Partzuergoko Kontseilu Nagusiko ordezkarien izendapena.
5-Galdera, eskaera eta mozioak.
5.1. Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa: Gipuzkoako Kutxaren ordezkaritza Kutxabank entitatean.
5.2. Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa: Sektore Publikoaren erreforma.
5.3. Usurbilgo Ezker Abertzaleak aurkeztutako mozioa: Patxi Segurola herritararen estradizio eskaera.
5.4. Usurbil Zero Zabor taldeak aurkeztutako mozioa: Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen alde.
Ohiko osoko bilkura baino ordu batzuk lehenago, gaur eguerdiko 13:00etik aurrera, Tokiko Gobernu Batzarra burutuko da udalbatza aretoan. Besteak beste, gizarte zerbitzuetako eta kultur arloko diru-laguntzen oinarriak ahotan hartuko dituzte hitzordura bertaratuko diren udal ordezkariek. Hona hemen, jorratuko duten gai zerrenda osoa:
1-Aurreko bilkurako aktaren onespena: 2012/01/10eko bilkurako akta.
2-Gomavial Solutions, S.A. enpresak Atallu industrialdeko Oria kalea, 2an neumatikoak balioztatzeko ezarri nahi duen jarduerari Aldeko Informea ematea.
3-Usurbilgo Alkartasuna Nekazal Kooperatiba Elkartea entitateari, Atallu industrialdeko Atallu kalea, 26an ezarritako gasolio biltegia eta banaketa jarduerari irekiera baimena ematea.
4-Sun Planet, S.A. enpresak, Urbil Merkatal Zentroko B-34 lokalean graduatu gabeko eguzkitako betaurrekoen salmentarako ezarritako dendari irekiera baimena ematea.
5-2012an gizarte zerbitzuen arloan egitasmoak garatzeko diru-laguntza oinarriak onartzea.
6-2012an kultur egitasmoak garatzeko diru-laguntza oinarriak onartzea.
7-2011ko kulturako diru-laguntzen 2. zatia ordaintzea hainbat talderi.