Hotzaldiagatik alerta horian gaude, elurrak kostaldea ere zuritu dezake

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 1a, 00:00

Ailegatzear da, egunotan hedabideetatik iragarri den hotzaldia. Gaur arratsaldetik aurrera, tenperatuak behera egingo du, baita elur mailak ere. Euskalmet-etik iragartzen ari direnez, 1.300 metrotik 100 metro ingururaino jaitsi liteke elur maila, baita kostalderaino ere. Edozein kasutan, iragarpenen arabera, ez da elurte handirik espero. Euskalmeten arabera, "egunaren amaieran barnealdeko hainbat tokitan 0 ºC azpitik egongo da termometroa eta elur-kota 100 metro ingurura jaitsiko da orduan. Dena den, egunaren bigarren partean atertzera egingo du; noizean behin prezipitazio pixka bat besterik ez du egingo".


Termometroak, zero azpitik
Datorren hotzaldiari begira, alerta horian gaude eta hala jarraituko dugu bihar ere. Ostegun eta etzirako, asko jota 0 gradu inguruko tenperatura izatea espero da eta haizea dezente zakarragoa baita, hotz sentsazioa handituz. Negu gorria ate joka dugu beraz. Hala dio Euskalmet-ek: "Negu gorriko eguraldia ostegunerako. Lurralde osoan hotz handia egingo du, baita kostaldean ere; izotza nonahi botako du. Tenperatura oso baxuak izateaz gain, iparraldeko haizeak gogor joko du, eta hotz-sentsazioa areagotu egingo du; kontuz kostaldean eta Ebro ibarrean edukiko ditugun haize-bolada zakarrekin, arratsaldean batez ere. Mendebaldean lainotuago egongo da eta elur-zaparradak botako ditu noizbehinka; ekialdean argiago egongo da zeruan eta prezipitazioa urria izango da". Ostiralerako aldaketa handirik ez.