Inauteri Festako afaritarako txartelak, gaurtik aurrera salgai

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 1a, 00:00

Asteazken honetatik, otsailaren 1etik salgai daude jada, hilaren 18an ospatuko den Inauteri Festarako afaritarako txartelak. 15 eurotan eskura daitezke, NOAUA!ko egoitzan, baita Irrati eta Txiriboga tabernetan ere. Txartelak erosteko azken eguna, otsailaren 16a izango da. Aurtengo afaria, Olarrondo jatetxean dastatu ahal izango da.


Hitzordu bikoitza, Zumarterekin 
Gerturatzen doa mozorrotzeko eguna. Bi aste barru, ezohiko itxura hartuko du Kaxko inguruak. Aurtengoan desfilatzeko proposatu den gaia, mitologia da. Herritarrek prestaturiko mozorroen emaitza ikusteko otsailaren 18ra arte itxaron beharko da ordea.

Egun horretan, joan den astean iragarri moduan, bi kalejira ospatuko dira Inauteri Festaren baitan. Bat iluntzean, Burrunbazale txarangarekin eta bestea eguerdi partean, Zumarteko Zumartxan txarangarekin. Ez da ordea inauteriotan Usurbilgo Musika Eskolak deitu duen hitzordu bakarra izango. Otsailaren 21ean, abesbatzek emanaldi berezia eskainiko baitute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Sutegin. 

Berrikuntza gehiago ere badira. Inauteri Festa egunera bueltatuz, Gaztelekuak ekitaldia antolatu du, herriko 12-16 urte arteko gazteentzat. Aurtengorako proposatu den gaia –mitologia- baliatuz, “Ilargi-Eguzki” izeneko jaialdia burutuko dute aipatu egoitzan. Bezperan, otsailaren 17an Udarregi ikastolako ikasleek dantza ikuskizuna eskainiko dute Oiardo Kiroldegian.