Udalak Alokabiderekin duen hitzarmena eguneratuko du

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 1a, 00:00

Alokairu sozialera bideratuak dituen 18 etxebizitzak tarteko, Usurbilgo Udalak Alokabide S.A.-rekin duen hitzarmenaren baitan, aipatu sozietateari ordaindu beharreko ordainsariak eguneratzeko, udalbatzak lankidetza-hitzarmenaren eranskina onartu zuen aho batez, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Baita, "hala nola, datu pertsonaletarako sarbidea duen tratamendu-enkargurako kontratua" ere. Atzoko erabakiak, aipatu kontratua sinatzeko ahalmena ematen dio Mertxe Aizpurua alkateari.

Gobernu taldeko kide Aizpuruak berak atzoko saioan zehazten zuenez, Udalak Alokabiderekin duen hitzarmena eguneratu beharra dago, prezioei dagokienean. Kudeaketa lanagatik, alokairu sozialera bideratuak dituen etxebizitza eta hilabete bakoitzeko 25,75 eurokoa zen ordainsaria, 2010ean. Iaz, 26 eurokoa. Aipatu moduan, 18 dira Usurbilgo Udalak alokairu sozialera bideratuak dituen etxebizitzak. Haietatik 12 Txaramunton kokatzen dira, beste 6 Maixu-etxe izenez ezagutzen den eraikinean, Gernika ibilbidean.

Txagañetako Fitxaren Aldaketa Puntuala, ezeztatua
Hirigintza alorrari loturiko beste erabaki bat ere hartu zen atzoko osoko bilkuran. Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Txagañeta izeneko S-4 Sektoreko Ezaugarri Fitxaren Aldaketa Puntualaren hasierako onespena ezeztatua geratu zen, udalbatzak gehiengo osoz hala erabaki ostean. 2011ko maiatzaren 17an udalbatzak harturiko akordioa ezeztatua geratu da beraz. Honenbestez, jendaurrean egon zen epean, iazko akordioaren aurka 12 lagunek aurkezturiko helegitea ere aintzat ez hartzea erabaki du udalbatzak.