Udalbiltza Partzuergoko Kontseilu Nagusian Usurbilgo Udalak izango duen ordezkaritza zehaztua dago jada. Atzoko osoko bilkuran, udalbatzak gehiengo osoz erabaki zuenez, gobernu taldeko kide Alaitz Aizpuruak ordezkatuko du Udala Udalbiltzan. Bere ordezkoa, Jone Urdanpilleta zinegotzia izango da. Bilduk babestu zuen atzo aurkeztu zen proposamena. Hamaikabatek aurka bozkatu zuen, eta Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE-ko ordezkariak abstenitu ziren.
"Errepresioak gogor jo duen erakundea"
Ordezkarien izendapena onartu aurretik, Mertxe Aizpurua alkateak 2001. urteaz geroztik Usurbilgo Udala Udalbiltzako kide dela gogorarazi zuen. "Errepresioak gogor izan duen erakundea" izan arren, zorionez gaur egun funtzionatzen jarraitzen duen bilgunea dela gaineratu zuen.
Aralarretik gogorarazi zutenez, Udalbiltza eta Udalbide, erakundea bitan zatitua dago egun. Erakunde bakar bat izatearen alde agertu ziren. Ildo beretik, Udalbiltzarako ordezkaritza izendatzeko proposamenaren aurrean, abstenituko zirela iragarri zuten. "Erakundea zatitua dagoen artean", bat edo beste babestearen aurka agertu ziren.