Sortu berria den Kutxabank entitatean, joan den irailean kutxen biltzarrek onarturiko ordezkaritza errespetatzea eskatu du udalbatzak, atzo osoko bilkuran gehiengo osoz onartu zen mozioaren bidez. EAJ-PNV eta PP alderdien arteko akordioa gaitzesten du testuak. "Arbuiatzen dugu Administrazio Kontseilua bakarrik bi indar politikoren artean gainerako alderdi politikoak bazter utzita osatzeko erabakia, horrek Kutxabank entitate berriaren kontrol erabatekoa eta baztertzailea ematen baitie erabaki hori hartu dutenei".
Irailean adostu zen ordezkaritzan, murrizketarik ez onartzea eskatzen du atzo onarturiko testuak, bestela, mozioak ohartarazten duenez, "Kutxaren kalterako ez ezik Gipuzkoa osoaren eta gipuzkoar guztion kalterako izango baita". Kutxek adosturikoa mantentzea galdegiten da, "hiru kutxen biltzarretan babes zabala jaso baitzuen, euskal gizartearen eta errealitate instituzionalaren ordezkaritza anitz, adierazgarri eta proportzionala bilatuz Kutxabank gizartearen eta herri honen zerbitzura dagoen entitatea izan dadin".
EAJ-PP akordioaren aurka
Bilduk eta Hamaikabatek babestu zuten mozioa. Aralar, PSE-EE eta EAJ-PNV abstenitu ziren. Mozioa onartu aurretik, adierazpenen tartean, gizarte errealitatearen aurkako akordiotzat jo zuen alkate Mertxe Aizpuruak, EAJ-PNV eta PP-k Kutxabank-en inguruan lortu zutena. Ez Gipuzkoa, ezta gipuzkoarrak, Kutxa eta Kutxabank bera ere ez dituztela aintzakotzat hartu gaineratu zuen Aizpuruak.
Kritika gehiago izan ziren. Aralar Kutxabank entitate berriaren aurka agertu baitzen. "Hankasartze itzela da kutxen bankarizazioa", adierazi zuen Joxe Ramon Furundarenak. Bere esanetan, baziren bestelako alternatibak ere, euskal banku publikoa sortzea esaterako. Entitate berria eskuinaren eskuetan dagoela gogoraraztearekin batera, obra soziala kolokan jarriko dela ohartarazi zuten.