Espainiar Gobernuak iragarritako neurriak errefusatu ditu udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 1a, 00:00

Administrazio publikoko langileen lan baldintzak eta zerbitzuak okertuko direla ohartarazita, espainiar gobernua sektore publikoan burutzen ari den erreformen aurka agertu da Usurbilgo udalbatza, Bilduk atzoko osoko bilkuran gai honen inguruan aurkeztu zuen mozioaren bidez. Gehiengo osoz onartu zen, hiru puntuko testua. Batetik, mozioak dioenez, "Udal honek, Espainiako Gobernuaren presidente den Mariano Rajoyk iragarritako neurriak errefusatzen ditu; bigarrenik, "Udal honek, geroz eta premiazkoagoa den Ongizate Estatuaren defentsan kontsentsua mantentzea eskatzen du; udalek eman behar dituzten zerbitzuen alde egiteko; eta azkenik, "Madrilen onartutako neurri hauen larritasunaren eta ondorioen aurrean, Udal honek euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizatu eta kalitatezko eta herritarrengandik gertueneko sistema publikoaren aldeko konpromisoa adieraz dezan".

Ildo honetatik, mobilizazioak deitu dira otsailaren 4rako, 18:00etan Bilbon eta 11rako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.