“Gipuzkoa desberdin baten alde, eredua aldatu: azpiegitura-lan handiak gelditu!” lemapean, larunbaterako Donostian deitu duten manifestaldiarekin bat egin du udalbatzak. Atzoko osoko bilkuran Usurbil Zero Zabor bilguneak aurkezturiko mozioa gehiengo osoz onartu zen. Testuaren alde bozkatu zuten Bilduk eta Aralarrek. Aurka aldiz, gainerako udal ordezkariek; EAJ-PNV, PSE-EE eta Hamaikabatek. Otsailaren 4an, 17:30etan Bulebarretik abiatuko den mobilizazioa babesteaz gain, mozioak gaineratzen duenez, “herritarrei parte hartzeko deia egiten die”. Bestalde, "Udal honek bat egiten du ingurumenean, gizartean eta ekonomian sekulako eraginak dituzten azpiegitura-lan handiak geraraztea eta horien inguruan gizarte-eztabaida bultzatzea ezinbestekoa denaren ideiarekin eta, beraz, konpromisoa hartzen du bere esku dagoen guztia egiteko herritarrak informatu, eztabaida-guneak ireki eta hitza emateko".
Mozioa onartuta gainera, modu berezian, "errauste-planta azpiegituraren aurrean bere aurkakotasuna adierazten du". Besteak beste, honako arrazoi hauengatik: mozioan jasotzen denez, osasun eta ingurumenean eragingo lituzkeen kalteengatik, baliabide materialen suntsitzaile delako, zaborra murriztu eta prebenitzearen aurkakoa izateagatik, edota suposatuko lukeen karga ekonomikoagatik.
Auzitegi Gorenak ere kolokan jarri du erraustegia
Usurbilgo Udalak prentsa ohar bidez atzo jakitera eman zuenez, Auzitegi Gorenak Zubietan aurreikusia dagoen erraustegi plantaren egitasmoa oinarri juridikorik gabe utzi du, kaleratu berri duen sententziarekin. Sententziaren nondik norakoak hauek dira. Prentsa oharrean gobernu taldeak gogorarazten duenez, "2009ko irailean, Usurbilgo Udalak ezarritako helegiteari erantzunez, Euskadiko Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Estatutuen hainbat artikulu baliogabetu zituen eta horren ondorioz Kontsortzioaren zabalkuntza legez kontrakoa zenez, Txingudi Mankomunitatea hortik kanpo geratu zen. Errausketa bultzatu zutenek helegitea aurkeztu zuten erabaki judizial horren kontra".
Baina Espainiako Auzitegi Gorenak helegi guztiok baztertu berri dituela jakinarazi du Udalak, "beraz, sententzia hori irmoa da. Honek, praktikan, Txingudi ez dela inoiz Kontsortzioko kidea izan suposatzen du eta, ondorioz, Txingudik parte hartutako Kontsortzioko Batzarretan hartutako erabaki guztiak baliogabetuta daudela".
Proiektua, oinarri legalik gabe
Epai honen garrantzia zenbatekoa den nabarmentzen du Usurbilgo Udalak. "Sententzia honen garrantzia ikaragarria da, eragindako erabakien artean Zubietan eraikitzekoa zen proiektua baitago eta hori aurrera egiteko beharrezkoak ziren hainbat hitzarmen ere bertan daude. Auzitegi Gorenak orain emandako sententzian erabaki horiei guztiei bere oinarri legala kendu die".
Sententzia hau kaleratuta, honakoa da egun Zubietako errauste plantaren egitasmoaren egoera. Gobernu taldearen esanetan, "errausketarako proiektuak gizartean sortzen duen gaitzespenari, eta bere ekonomiarako eta osasunerako kaltegarritasunari, proiektuaren ahulezia juridikoa gehitzen zaie orain. Horrela izanik, proiektua gelditzeko Kontsortzioak abenduan hartutako erabakia, guztiz zuzena izan dela ondorioztatu behar dugu. Gipuzkoako alkate gehienek igorritako idazkiak, erraustegiaren beharra deuseztatzen dutenak, nahikoa ez baziren, Auzitegi Gorenak beste arrazoi bat ere eman dio Gipuzkoari errausketarako proiektua betirako baztertzeko: ez du oinarri juridikorik".