Patxi Segurolak Euskal Herrian bizitzeko duen eskubidea errespetatzea eskatu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 1a, 00:00

Espainiar estatuak eginiko estradizio eskaerengatik, Patxi Segurola Parisen epaituko dute otsailaren 15ean. Aginagarrak bizi duen egoeraren inguruko mozioa onartu zuen udalbatzak, atzo iluntzean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Hiru eskaera nagusi biltzen ditu, Usurbilgo Ezker Abertzaleak atzoko saioan aztertu eta bozkatzeko aurkeztu zuen testuak: Patxi Segurola herritarra jasaten ari den jazarpen juridiko-politikoa etetea; “euskal herritar oro bezala, Euskal Herrian bizitzeko duen eskubidea errespeta dadila eskatzea; eta azkenik, “otsailaren 15ean Parisera elkartasuna adieraztera joango diren herritarrekin batera, udal ordezkariak ere izatea eta bidaia gastuentzat diru laguntza ematea”. Bildu eta Aralarrek babestu zuten mozioa. PSE-EE eta EAJ-PNV alderdietako ordezkariak abstenitu ziren eta Hamaikabat aurka agertu zen. 

Autobusa, Parisera 
Otsailaren 15ean Patxi Segurolari elkartasuna eta babesa adierazteko Pariserako autobusa antolatu du Usurbilgo Ezker Abertzaleak. Izen emate orriak, Bordatxon, Txiribogan eta Aginagako Arrate zahar egoitzan jarri dituzte. Aipatu moduan, bi aste barru epaituko dute aginagarra eta orduan jakinaraziko dio epaileak, espainiar estatuak eginiko estradizio eskaeren inguruko erabakia. 

Ez dago argi zer gertatuko den. Usurbilgo Ezker Abertzaleak atzoko osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioan adierazten denez, “eskaerak onartuko ez balituzte, estatu frantseseko lurraldea debekatuta izaki, posible da konfinamendu iraunkorra aplikatzea. Estraditatzea onartuko balute, berriz, berak ere helegitea tartekatzeko eskubidea du, baina bitarte horretan zein egoeran izango den inork ez daki. Litekeena da erabakia hartu bitartean egungo egoeran uztea, konfinatua alegia, baina litekeena da ere epaitegian bertan atxilotua eta espetxeratua izatea”. Estatu frantziarrak jarritako espetxe zigorra 2010eko azaroan bete zuen arren, urtebete inguru darama sorterritik 850 kilometrora konfinatuta. Atzo onarturiko testuan gaineratzen denez, “eskubideen aldetik tamalgarria deritzogu gertatzen ari zaiona, are eta tamalgarriago egun Euskal Herrian gatazkaren konponbidea erdiesteko piztu den itxaropen garai hauetan”.

Argazkia: Patxi Segurola.