2010. urtean Buruntzaldeko 34 ikasleek, euskaraz egin eta gainditu zuten gida baimeneko azterketa teorikoa. Joan den urtean zehar ordea, 60 izan ziren. Duela bi urteko datuekin alderatuta, ia bikoitza. Gida baimena euskaraz prestatu eta atera nahi dutenak geroz eta gehiago diren arren, oraindik zer egina badela adierazi zuten Buruntzaldeko udaletako ordezkariek, atzo Artzabalen eskaini zuten prentsaurrekoan.
2010az geroztik, beste hainbat alorretan bezala, autoeskoletan ere euskara bultzatzeko kanpaina martxan dute eta horrekin jarraitzeko asmoa iragarri zuten. Orain arte egindakoarekin pozik agertu ziren, bai, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako euskara batzordeak, baita bailarako auto-eskolak ere. Gaur egun hain zuzen, Buruntzaldeko herritarrek gida baimena euskaraz prestatu eta azterketa ere hizkuntza berean egiteko aukera dute.
Horretarako, duela bi urtetik hona lanketa bat burutu behar izan dute, halakoetan ohikoa den elkarlana, erakunde, eta kasu honetan, auto-eskolen artean. Euskarazko materialez (liburu eta programa multimediez) hornitu dira, Andoaingo Bengoetxea eta Mendi, Astigarragako Otamendi, Hernaniko Otamendi eta Hernani, Lasarte-Oriako Izarra eta Múgica, eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabal auto-eskolak. Laster, zerrenda honetara beste auto-eskola bat gehituko da; Hernaniko Lagunak.
Euskara sustatzeko kanpaina hau, bi helburu nagusirekin abiatu zen 2010ean; 18 urte betetzear izan edo beteta izanik, herritarrak gida baimena euskaraz ateratzera animatu eta auto-eskolen zerbitzua euskaldundu asmoz.
Ander Izeta, usurbildar saritua
Aipatu moduan, orain arteko lanketarekin jarraitzeko asmoa dute Buruntzaldeko udalek eta bailarako auto-eskolek. Esku artean, aurrera begirako zenbait erronka dituzte; tartean, gaur egun ikasle gehienek D ereduan ikasten dutenez, gazteon artean gida baimena ere euskaraz prestatu eta ateratzera erakartzea. Baita, euskara dakiten aztertzaile gehiago izatea ahalbidetu eta erakundeen arteko elkarlana bultzatzea ere.
Gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditzen duenak zozketa batean parte hartu ahal izango du. Saria, "gidabaimenaren atal teorikoa doan ateratzea da". Atzoko prentsaurrekoan, 2011. urtean zehar, azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditu zuten Buruntzaldeko auto-eskoletan dabiltzan herritarren arteko zozketa egin zen. Usurbilgo Solozabal auto-eskolako saritua, Ander Izeta Goenaga izan da.
Hona hemen sarituen zerrenda:
ANDOAIN
-Bengoetxea: Maialen Geresta.
-Mendi: Maialen Garmendia.
ASTIGARRAGA
-Otamendi: Naiara Gonzalez.
HERNANI
-Otamendi: Aitor Ortiz.
-Hernani: Mikel Bergara.
LASARTE-ORIA
-Izarra: Andoni Urdangarin.
-Múgica: Elisabet Martikorena.
URNIETA
-Solozabal: Itziar Garmendia.
USURBIL
-Solozabal: Ander Izeta Goenaga.