Iragarpenen arabera, hotzaldia igandera arte luzatuko da

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 2a, 00:00

Eguna, elurra mara-mara ari zuela esnatu zaigu. Iragarpenek oraingoan bete-betean asmatu dute. Barrualdea bakarrik ez, kosta partea ere zurituta ageri zaigu. Adi ordea eginak dauden eguraldi iragarpenei. Gainean dugun hotzaldiak igandera arte iraungo omen du eta. 


Euskalmet eskaintzen ari den informazioaren arabera, elurragatik alerta naranjan egongo gara gaur iluntzeko 20:00ak arte. Ordura arte, elurra nonahi egin dezake. Hori bai, zaparrada txikiak espero dira. Gure inguruan, 1-7 cm arteko lodierakoak. Alerta horira igaroko gara gero, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Edozein mailatan elurra egiten jarrai dezake, baina 0-3 cm-takoak dira aurreikusten den lodiera. 

Baina alerta gehiago ere badira indarrean. Alerta naranjan elurteagatik bakarrik ez, tenperatura hotzengatik ere kolore bereko abisua baitugu. Euskalmet-en arabera, -2 gradutaraino jaitsi liteke tenperatura datozen orduotan. Adi beraz, izotzarekin. Euskalmet-etik honakoa da ostegun honetarako egina duten eguraldi iragarpena: "Ostegun honetako albisterik azpimarragarriena eguraldi kontuetan tenperatura izango da, lurralde osoan hotz handia egitea espero baita. Hainbat tokitan termometroa 0 ºC azpitik egongo da egun osoan eta izotza ia edonon egingo du, baita kostaldeko zenbait lekutan ere. Iparraldeko haizeak giro ezatsegina sortuko du, oso zakar ibiliko delako, Ebro ibarrean eta kostaldean batez ere. Zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka elur-zaparrada txikiak botako ditu, mendebaldean bereziki".

Haizea bihar, hotz handiagoa beraz
Elurrari loturiko alerta horian jarraituko dugu bihar goizera arte. Gurean ere elurra egiten jarrai dezake, 0-2 cm arteko lodieran. Baina batez ere, ostiral honetan, hotza izango da protagonista nagusia. Haize bolada gogorrak espero direnez gainera, hotz sentsazioa dezente handiagoa izango da. Alerta naranjan jarraituko dugu, asko jota 3 graduko tenperatura izatea espero baita. Tenperatura hotzenak berriz, 4 gradu zero azpikoak izan litezke. Hauxe biharko Euskalmet-etik egiten ari diren iragarpena: "Ostiralean argiago egongo da, ekialdean batez ere; arratsaldetik aurrera ostarte handiak zabalduko dira. Mendebaldean momentuz hodeiak gailenduko zaizkie urdinguneei eta tarteka elurra egingo du, arin, egunaren lehenengo partean bereziki. Iparraldeko haizeak gogor joko du berriro ere eta haize-ufada handiak espero dira edonon; gogorrenak kostaldean eta Ebro ibarrean izango dira. Lurralde osoan tenperatura oso baxuak izango ditugu, negu gorrikoak".