Aitzagaren irekiera, gaur 19:30etan

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 2a, 00:00

Sei urtez itxita egon ostean, ostegun honetan, otsailaren 2an, Aitzaga berriz irekiko da. Atzo kaleratu zen autoak itxiera bertan behera utzi eta herriko taberna zein elkartea berriz irekitzea baimentzen du. Albistea jakin bezain laster, Usurbilgo Ezker Abertzaleak ongi etorri ekitaldia antolatu du gaur iluntzeko 19:30etarako. "Orain, Aitzagari ongi-etorri goxoa egitea tokatzen zaigu", iragartzen ari da usurbileginez.com web orrialdea. Bertara gerturatzeko gonbita luzatzen diete herritarrei.

Gaurtik aurrera beraz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz, 2006ko otsailaren 11n itxitako egoitza zabalik izango da berriz. Hasiera batean, bi urtetarako ixteko agindua eman zuten, baina azkenean sei urte luzez itxita egon da Aitzaga. Urteotan ordea, egoitzarik izan ez arren, bertako bilguneak, Aitzaga Elkarteak lanean jarraitu du.