10:00ak aldera hasi da dena. Rural Kutxako zuzendaria bulegotik kanpo zegoen une horretan. Lapurra sartu denean, beraz, langile bakarra zegoen lanean. Emakumezko gazte bat. Lapurrak pistola bat zuen. Antza, langileari denbora eman dio abisua emateko. Ertzaintzaren auto bat ordurako hurbildu bai baina ingurua itxi gabe zuela, bezero bat sartu egin da Rural Kutxan. Ez du izenik eman nahi izan baina bezero honek NOAUA!ri aditzera eman dioenez, "Ertzaintza ikusi dut inguruan" baina ez dio garrantziarik eman eta Ruralera sartu da. Lapurrak ez omen dio sarrera galerazi.
Bezeroak urduri eman dizkigu ondoko azalpenak. Antza, Rural Kutxako langileak, keinu bat egin dio bezero honi eta hauxe esan dio: "prest daukat zurea". Eta barruko bulego batera joateko keinua egin dio bezeroari. Lapurrak ez du mugimendu hori galerazi eta aukera hori profitatu dute langileak eta bezeroak komunean babesteko. Lapurra bitan edo hirutan saiatu da komunera sartzen baina ezin izan du. Langilearen laguntzarik gabe nekez eraman daitekeelako dirurik Ruraletik. Antza denez, hau baieztatu gabe dago, langileak eta bezeroak komunean eman dute lapurreta saiakerak iraun duen denbora osoa.
Ertzaintzaren dotazio gehiago iritsi dira (helikopteroa ere ibili da) eta inguru osoa itxia du. Tentsioa nabari zen. Kalez jantzitako ertzainak pistola eskuetan zebiltzan Zubiaurrenea kalearen inguruan.
Azkenean, 11:15ean, lapurrak bere burua entregatu du. Ertzaintzak atxilo eraman du. Rural Kutxako langilea anbulantzian eraman dute, antza denez, nerbioak jota. Eta bezeroak, azalpen hauek eman ondoren, ertzainekin joan da deklaratzera.