Mus zaleek hitzordua dute, ostiral gau honetan, 22:00etatik aurrera Zendoiaenean. Euskal Herriko Mus Txapelketako Kanporaketa saioa jokatuko da bertan. Parte hartzeko asmotan den bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu, izen ematerakoan. Emaitza onenak lortzen dituzten lau bikoteek sari bana jasoko dute. Txapeldunek Saizar sagardotegian otordu bat; txapeldun ordeek, marisko lotea; hirugarren postuan sailkatzen direnek, otordu bat Ardi Beltz garagardotegian; eta laugarren geratzen direnek, hamaiketakoa Zendoiaenean.
Final nagusia, martxoaren 17an
Auzo eta herrietako kanporaketak jokatu ostean, fase horretan sailkatutakoek zazpi herrialdeetako finaletan parte hartzeko aukera izango dute. Saio hauek otsaileko azken asteburuan, hilaren 24tik 26ra burutuko dira. Euskal Herriko mus jokalari onenak nortzuk diren berriz, martxoaren 17an Arbizun (Nafarroa) erabakiko da. Informazio gehiago: www.euskalherrikomustxapelketa.org