Usurbilgo Udala, Hurbilago Elkartea, Kutxa Ekogunea, Usurbil Zero Zabor eta herriko zenbait saltoki eragilen dituen "Ontziratu zaitez!" kanpainako azken egunak dira hauek. Arraina edo haragia gordetzeko ontzi berrerabilgarria eskuratu ez dutenentzat, larunbat hau izango da, ontziotako bat lortzeko azken eguna. Urtarrilaren 28an bezala, bihar ere, 11:30-13:30 artean postua jarriko dute frontoian, "Ontziratu zaitez!" egitasmoko eragileek.
Interesdunek gune berean, Usurbilgo Udalak eta Usurbil Zero Zaborrek abian duten autokonpostaje komunitarioko egitasmoan izen emateko aukera ere izango dute. Gogoan izan, etxean bildutako hondakin organikoak ongarri bihurtzeko ahalegina egiten duten herritarrek, %40ko hobaria jasoko dute.