Hiru milioi euro gutxiago, 2012ko udal aurrekontuetarako

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 6a, 00:00

Hasi berri dugun 2012. urte honetarako, 10.982.728 euroko udal aurrekontuak aurkeztu ditu Bilduk. Iazko proposamenarekin alderatuta, Udalak hiru milioi eurotan murriztu ditu aurtengo egitasmoetara bideratu beharreko diru partidak. Datuaren berri, joan den ostegunean Artzabalen burutu zen bilkuran eman zuten, gobernu taldeko kideek. Ekitaldian nabarmendu zutenez, oraindik luze joko duen krisialdi ekonomikoaren testuinguruan kokatu beharreko aurrekontuak dira hauek.  


Diru-laguntzak, mantenduko dira 
Mertxe Aizpurua alkateak berri eman zuenez, “diru sarreretan murrizketak daude”, nagusiki hiru faktoreon eraginez; aprobetxamendu urbanistikoetan izan den beherakadagatik, fondo foraletik izango diren murrizketengatik, eta espero ez arren, gertatu ziren joan den azaroko uholdeek eragindako kalteak konpondu beharrak baitaude. 

Diru sarrera gutxiago izanik, alkateak zioen moduan, “aurreztu beharra dugu”. Edozein kasutan, joan den asteko aurkezpen ekitaldian, gobernu taldetik adierazi zutenez, ez dute murrizketarik aplikatuko diru-laguntzetan. Gizarte zerbitzuetako, kirol eta kultur arloko laguntzak bere horretan mantentzeko apustua egin du Bilduk, “oraingoz murrizketarik ez” dela izango zioen Aizpuruak. Diru-laguntzak ez jaisteko hartutako erabakiaren arrazoia, herri eragileek duten garrantzian kokatu zuen Alaitz Aizpurua zinegotziak. Bere esanetan, “herri baten bizimoduan asko markatzen dute eragileek. Ahal dela, diru-laguntzak mantendu beharra ikusi da”. 

Ez ordea gastu eta inbertsioak. Bilduk bi alor hauetan aplikatuko ditu murrizketa nagusiak. Batetik, pertsonal gastuetan. Langileen lan baldintza eta soldatak mantendu asmo ditu gobernu taldeak, KPI-aren igoera aplikatuko da kasuotan. Eta oro har, gainerako gastuetan aplikatuko dira murrizketa nagusiak. Alor honetan, “gainean egotera behartuta gaude”, adierazi zuen Aizpuruak. Inbertsioei dagokienez, alkatearen esanetan, “behar beharrezkoak” direnak bakarrik bideratuko dituzte. Uholdeek eragindako herri-bideak konpondu, eta Udarregi ikastolako eraikin berriko proiektua lagundu asmo du Udalak. 

Ekarpenak jasotzeko asmoa
Gobernu taldeak aurreratua du jada udal aurrekontu proposamena. “Zirriborroa alderdiekin konpartitu dugu. Ekarpen, zalantza eta kezkak jaso ditugu”, adierazi zuten Bildutik, joan den asteko aurkezpen saioan. Gai beraren inguruko herri batzarra ere burutu zen abendu amaieran. Edozein kasutan, 2013rako aurrekontuak parte hartzaileagoak izango direla iragarri dute Bildutik. Aurtengoan halakorik ezin izan dutela burutu adierazita, hurrengo urterako ekarpenak jasotzen joateko asmoa du gobernu taldeak.