Ikastolak eta Gure Pakeak, batera igaroko dute asteazken goiza

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 6a, 00:00

Belaunaldi desberdinetako herritarrek goiz pasa burutuko dute asteazken honetan, otsailaren 8an. Udarregi Ikastolako DBH 4. mailako ikasleek, 3. adinekoei zuzenduriko joko-jolasez beteriko jaialdi bat antolatu dute etzirako. Jaialdia, goizez izango da, 10:30-12:30 artean Oiardo Kiroldegian. Parte hartzeko interesa duten adineko herritarrek, Gure Pakeako egoitzan eman dezakete izena. "Nahiz eta ez den beharrezkoa, eskertuko genizueke bertan izena ematea, antolatze-lanak errazteko", adierazi dute antolatzaileek. Hitzordura gerturatzeko gonbita luzatzen diete ikasleek, adineko herritarrei.

Bazkideen Arteko Txapelketak, bihartik aurrera
Urtero moduan bestalde, Gure Pakea elkarteak Bazkideen Arteko Txapelketak antolatu ditu egunotarako. Ekimen hauetan parte hartzeko, astelehen hau, otsailaren 6a dute izena emateko azken eguna. Joko guztiak jarraian zehazten diren egunetan burutuko dira, arratsaldeko 16:00etan hasita Artzabalen:
Otsailak 7, asteartea: punttua.
Otsailak 8, asteazkena: tutea.
Otsailak 14, asteartea: mus.
Otsailak 15, asteazkena: igel jokoa eta toka.
Otsailak 22, asteazkena: sari banaketa, 17:00etatik aurrera. Ondoren, luntxa.

Kuota kobratzea
Bada Gure Pakea Elkartatik bazkideei zuzenduta helarazi duten beste ohar bat ere. Kuotak otsailaren 13tik aurrera hasiko dira kobratzen. Berri eman dutenez, "zerbait gehiago jakin nahi duenak elkarteko bulegora hurbildu dadila".