Ehunka lagun Donostian, azpiegitura handien aurka

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 6a, 00:00

Hotzaldiari aurre eginez, Gipuzkoan aurreikusiak dauden azpiegitura egitasmo handiak gelditzea eskatu zuten ehunka lagunek, larunbatean Donostian burutu zen manifestaldian. "Gipuzkoa desberdin baten alde, eredua aldatu: azpiegitura-lan handiak gelditu!" lemapean, Bulebarretik hasita hiriburu erdiko kaleak zeharkatu zituen manifestaldiak. Mobilizazioa, besteak  beste, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak, Gipuzkoa Zero Zaborrek, AHT Gelditu! Elkarlanak, Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldeak, Mutriku Natur Taldeak edota PTPren aurkako Oiartzungo taldeak deitu zuten.


Gizarte eredu berri bat eskatzeko aldarrikapenak entzun ziren manifestaldian zehar, baita Abiadura Handiko Trenaren lanak geratzearen aldekoak edota Zubietako erraustegiaren aurkakoak ere. Manifestaldia, Bulebarreko kioskoan eginiko parodia batekin amaitu zen. Eredu aldaketa bat eta herritarren parte hartzea eta hausnarketa bultzatuko dituen gizarte mailako eztabaida bideratzea eskatu zuten deitzaileek. Giltzarritzat jo zituzten baita, herri ekimenak eta kontzientzia kolektiboa aldatzea.