Sei urteren ostean, Aitzaga irekita berriz

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 6a, 00:00

Sei urteren ostean, Aitzaga ireki da berriz. 2006an Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz, hasiera batean bi urterako baina azkenean beste lau urtez luzatu den itxiera bertan behera geratu da honenbestez. Epaiaren albistea zabaldu eta gutxira, joan den ostegunean burutu zen inaugurazio ekitaldia. Elurrari eta hotzari aurre eginez, Aitzaga ataria herritarrez inguratu zen. Guztiak, egoitzako ateak noiz irekiko zain ziren. 

Trikitixa eta bertso doinuek girotu zuten inaugurazio ekitaldia. Adierazpenen artean, garai berriotan, Aitzaga bezalako egoitzek duten garrantzia nabarmendu zen. Eta segidan, Aitzaga irekitzera. Sarrerako kateak Jexux Mari Errekondok, Aitzagako sortzaileetako bazkideak kendu zituen. Atea ireki, argiak piztu eta herritarrek, aspaldiko partez, barruko instalakuntzak zer egoeratan zeuden ikusteko aukera izan zuten. Uste baino egoera hobean dago egoitza, inaugurazio egunean ikusi ahal izan zenez. Elkartea eta egoitza bere onera ekartzeko, talde bat sortu nahi da orain.