Aske geratu da, ostiralean, otsailaren 3an Zubiaurrenea kalean dagoen Rural Kutxan lapurtzen saiatu zen herritarra. Epailearen aurrera eraman eta deklarazioa hartu ostean aske geratu zen larunbatean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren iturria aipatuz Noticias de Gipuzkoa egunkariak berri eman duenez. 42 urteko gizonezkoa, ostiral goizean atxilotu zuen Ertzaintzak.
Prentsa ohar bidez, otsailaren 3an Usurbilen gertaturikoa modu honetan azaldu du Ertzaintzak:"Gaur (ostirala) goizeko hamarrak aldera, alarma-zentral batean dei bat jaso dute Usurbilgo banketxe batean lapurretan ari zirela ohartaraziz. Hainbat patruila bertaratu dira eta ustezko bezero batek jarrera susmagarria zuela jabetu dira. Ostean jakin dute lapur bat zela. Aurpegia estalita zeraman eta pistola bat eskuan. Beste bezero bati eta bankuko langile bati komunean giltzapetzera behartu ditu. Lapurrari agenteak bertan zirela eta amore emateko eskatu diotenean, honek, Ertzaintzako Eskuhartzeko Unitateko kide batekin hitz egin du eta azkenean, bere burua entregatu du. Banketxetik irten da eta arma agenteei eman die. Orduan, agenteek ustezko lapurra atxilotu eta komunean zeuden bi pertsonak atera dituzte. Atxilotua 42 urteko gizonezko bat da, ohiko delitugilea. Ertzain-etxera eraman dute epailearen esku noiz jarriko zain".