Lan uzteak ostegunean, zerbitzu publikoetako murrizketen aurka

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 7a, 00:00

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek zerbitzu publikoetako murrizketen aurka, lau orduko lan uztea deitu dute ostegun honetarako, otsailaren 9rako. Usurbilen ere eragina izango du deialdi honek, udaletxean edota Udarregi Ikastolan. Usurbilgo Udalari dagokionez, udal langileek eginiko batzarrean, gehiengoak bat egin du etzirako deitua dagoen mobilizazioarekin. Modu honetan, etzi lan uztea burutzekoak dira, 10:00-14:00 artean. Elkarretaratzea burutuko dute udal langileek goizeko 10:00etatik aurrera, udaletxe aurrean. Lan uzteak irauten duen artean, gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu Udalak. 

Udarregi Ikastolako Langileen Komiteak ere bat egin du osteguneko deialdiarekin. Lau orduko lan uztea, 12:30-16:30 artean burutuko dute ikastolako langileek. Ohartarazi dutenez ordea, jangela zerbitzua eta jangelatik etxera joateko 14:30etako garraio zerbitzua eskainiko da. Udarregiko Langileen Batzordearen esanetan, "lan erreforma berria iragarri dute eta gure eskubideetan atzera urratsak emango dira". Besteak beste, aipatzen dutenez, ratioetan, soldata murrizketan, zerbitzuen kalitatean, prestakuntza eta proiektuetan... 

"Egoera tamalgarri honen aurrean, denok kalera atera eta eredu sozial berria aldarrikatu behar dugu", gaineratzen dute. Euren esanetan, "hezkuntzak denoi eragiten digu eta denon ardura da kalitatezko hezkuntza aldarrikatzea". 

Manifestaldiak hiriburuetan
Aipatu moduan, goizeko 10:00etan elkarretaratzea deitu da udaletxe aurrean. Baina Usurbildik kanpo ere mobilizazio gehiago iragarri dira. Eguerdi partean, manifestaldi bana burutuko da Hego Euskal Herriko hiriburuetan, 12:30etatik aurrera. Larunbaterako ere, eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazioak deitu dituzte Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak. Mobilizazio bana baita, "Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku" lemapean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa 17:30etan abiatuko da Bulebarretik.

Mobilizazioekin bat egin du udalbatzak
Administrazio publikoko langileen lan baldintzak eta zerbitzuak okertuko direla ohartarazita, espainiar gobernua sektore publikoan burutzen ari den erreformen aurka agertu zen Usurbilgo udalbatza, Bilduk urtarrilaren 31ko osoko bilkuran gai honen inguruan aurkeztu zuen mozioaren bidez. Gehiengo osoz onartu zen, hiru puntuko testua. Batetik, mozioak dioenez, "Udal honek, Espainiako Gobernuaren presidente den Mariano Rajoyk iragarritako neurriak errefusatzen ditu; bigarrenik, "Udal honek, geroz eta premiazkoagoa den Ongizate Estatuaren defentsan kontsentsua mantentzea eskatzen du; udalek eman behar dituzten zerbitzuen alde egiteko; eta azkenik, "Madrilen onartutako neurri hauen larritasunaren eta ondorioen aurrean, Udal honek euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizatu eta kalitatezko eta herritarrengandik gertueneko sistema publikoaren aldeko konpromisoa adieraz dezan". 

Larunbat honetarako manifestaldiak deitu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa, 17:30etan abiatuko da Bulebarretik. Bezperan, ostiral honetan, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak lan erreforma onartuko du.