Patxi Segurolari elkartasuna adierazteko, Pariserako autobusa antolatu da

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 7a, 00:00

Espainiar estatuak eginak dituen estradizio eskaerak direla eta, laugarrenez epaituko dute Patxi Segurola, otsailaren 15ean Parisen. Egun horretan, epaileak estradizio eskaera hauen aurreko erabakia jakinaraziko dio aginagarrari. Horregatik, epaiketa egunean elkartasuna eta babesa adierazteko, Parisera joateko autobusa antolatu du Usurbilgo Ezker Abertzaleak. Frantziar estatuko hiriburu nagusira autobusez joateko izen emate orriak honako lekuotan jarri dituzte; Kaxkoan, Txiribogan eta Bordatxon. Aginagan, bertako Arrate zahar egoitzan. Antolatzaileek ahal bezain azkar izen ematera deitzen dituzte herritarrak. Ohartarazi dutenez bestalde, Parisera joateko irteerari buruzko zehaztasunen berri, datozen egunotan emango dute.

Sorterrian bizitzeko eskubidearen aldeko mozioa
Aginagarrak bizi duen egoeraren inguruko mozioa onartu zuen udalbatzak, urtarrilaren 31n burutu zen osoko ohiko bilkuran. Hiru eskaera nagusi biltzen ditu, Usurbilgo Ezker Abertzaleak atzoko saioan aztertu eta bozkatzeko aurkeztu zuen testuak: Patxi Segurola herritarra jasaten ari den jazarpen juridiko-politikoa etetea; “euskal herritar oro bezala, Euskal Herrian bizitzeko duen eskubidea errespeta dadila eskatzea; eta azkenik, “otsailaren 15ean Parisera elkartasuna adieraztera joango diren herritarrekin batera, udal ordezkariak ere izatea eta bidaia gastuentzat diru laguntza ematea”. Bildu eta Aralarrek babestu zuten mozioa. PSE-EE eta EAJ-PNV alderdietako ordezkariak abstenitu ziren eta Hamaikabat aurka agertu zen. 

Egun berean, Karlos Martin aske
Patxi Segurola epaituko duten egun berean aske geratuko da Karlos Martin. Urriaren 28an atxilotu zutenetik, jarri zioten zigorra kitatzeko geratzen zitzaion 108 eguneko espetxealdia betetzen ari da Martin, Martuteneko kartzelan. Usurbilgo Ezker Abertzaletik gogorarazten dutenez, "2003ko urriaren 8an atxilotu zuen lehen aldiz Poliziak, bere etxean. Hiru urte eskas espetxean eman zituen, 2006ko ekainaren 23an fidantzapean aske geratu zen arte. 2009ko abenduan epaitu zuten eta 7 urteko kondena jaso zuen, helegitea tartekatu ostean, Epaitegi Gorenak hiru urtetan utzi zituenak, 2011ko otsailean. 2011ko urriaren 28tik geratzen zitzaizkion hiru hilabeteak kunplitzen ari da".