Behin betiko onarpenerako bidean, aurrerapauso garrantzitsua eman dezakete gaur 2012rako Bilduk prestatu eta jada jendaurrean aurkeztua duen aurrekontu proposamenak. Hasierako onarpenaz eztabaidatu eta bozkatu beharko dute udal ordezkariek, asteazken honetarako deitua dagoen ezohiko osoko bilkuran. Saioa, arratsaldeko 19:00etan hasiko da, ohi bezala, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Udal aurrekontuena, gaurko bilkuran jorratuko duten lehen gaia izango da. Badira ordea udalbatzan mahai gaineratuko diren beste bi kontu ere; batetik, urtero moduan, aurrekontuekin batera 2012ko Lanpostuen Zerrenda eta Plantilla Organikoa ere hasieraz onartu edo ez erabaki beharko dute udal ordezkariek. Udalaren Kontratazio Mahai Iraunkorraren eraketa izango da, eguneko gai zerrendako azken puntua.
Iaz baino hiru milioi euro gutxiago
10.982.728 euroko udal aurrekontu proposamena prestatu du Bilduk, 2012. urtean bideratuko dituen egitasmo eta sortuko diren gastuei aurre egiteko. Iazkoekin alderatuta, hiru milioi euro aurreztuko ditu Udalak. Gobernu taldeak herriko eragileei aurrekontuak aurkezteko, otsailaren 1ean Artzabalen burutu zen ekitaldian argi utzi zuenez, krisialdi ekonomikoaren testuinguruan kokatu beharreko aurrekontuak dira hauek. Kultura, kirola edota gizarte ongizate alorretan eman ohi dituen udal diru-laguntzak bere horretan mantentzeko asmoa du gobernu taldeak aurten. Honenbestez, aipatu hiru milioiko murrizketa gastuen eta inbertsioen atalean aplikatuko du Bilduk. Gobernu taldeak beharrezkotzat jotzen dituen inbertsioak bideratzeko asmoa du hasi berri dugun urte honetan zehar; besteak beste, joan den azaroko euriteek kalteturiko hainbat herri bideen konponketa, Udarregi ikastolako eraikin berriko egitasmoa edota autokonpostaje komunitarioko egitasmoak.
2013ko aurrekontu egitasmoari begira, aurtengoak izan duena baino parte hartze gehiago sustatu nahi dutela iragarria du Bilduk. Horretarako urte honetan zehar, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzen joateko asmoa dute. Artean, 2012. urte honetan zehar, gauzatzen joango dira gaur hasieraz onartzekoak diren aurrekontuetako diru partidak.