Udarregi Ikastolako DBH 4.mailako ikasleek eta Gure Pakea elkarteko kideek goiz pasa burutu dute gaur, Oiardo Kiroldegian. Hainbat joko eta jolasen inguruan primeran pasa dute guztiek. Ezohiko topagune baten irudia da, ondoan ageri dena. Belaunaldi desberdinetako herritarrak ekimen baten inguruan bildu baitira gaurkoan. Usurbilgo belaunaldien arteko elkar ezagutza bultzatzea zuen helburu, Udarregi Ikastolatik bideratu duten ekitaldiak. Baina ez hori bakarrik. DBH 4.mailako ikasleak izan dira antolaketa lan guztia bideratu dutenak. Eta hain zuzen, hori zen ikastolatik bultzatu nahi zutena; ikasleek iniziatiba, komunikazio eta antolaketa konpetentziak lantzea. Gaurko goiz pasaren ostean, ekimenak eman duenaren inguruko balorazioa egingo dute antolatzaileek. Goiz pasak izan duen harrerarekin pozik eta baikor agertu direla ikusita, ez litzateke harritzekoa izango asteazken honetako esperientzia aurrerago ere errepikatzea.