Sektore publikoko murrizketen aurka, lau orduko lan uztea gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 9a, 00:00

Sektore publikoan aplikatu nahi diren murrizketen aurka gaurko, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deitua zuten lau orduko lan uztearekin bat egin dute Usurbilgo Udaleko langileek. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00etara gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte eskaini udaletxean. Batzarrean hala erabakita, Usurbilgo Udaleko LAB eta ELA sindikatuek bat egin zuten gaurko deialdiarekin. Lan uztera deituak zeuden langileak, ondoko irudian ageri denez, eguneroko ohiko jarduna eten eta Joxe Martin Sagardia plazan elkarretaratu dira, "Zerbitzu publikoak garatu, murrizketarik ez" lemapean. Langileak bertaratzen ari ziren unean, mobilizazioa hasi berritan ateratako irudia da ondokoa.


Eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestaldiak deitu dira. Donostiakoa, 12:30etan abiatzekoa zen Bulebarretik. Ordu horretan lan uztea hastekoa zuten bestalde, Udarregi Ikastolako langileek. Batzordean bilduta, ostegun honetako deialdiarekin bat egitea erabaki zuten. Lau orduko lan uztea, 12:30-16:30 artean burutuko dute ikastolako langileek. Ohartarazi dutenez ordea, jangela zerbitzua eta jangelatik etxera joateko 14:30etako garraio zerbitzua eskainiko da. Udarregiko Langileen Batzordearen esanetan, "lan erreforma berria iragarri dute eta gure eskubideetan atzera urratsak emango dira". Besteak beste, aipatzen dutenez, ratioetan, soldata murrizketan, zerbitzuen kalitatean, prestakuntza eta proiektuetan... 

"Egoera tamalgarri honen aurrean, denok kalera atera eta eredu sozial berria aldarrikatu behar dugu", gaineratzen dute. Euren esanetan, "hezkuntzak denoi eragiten digu eta denon ardura da kalitatezko hezkuntza aldarrikatzea". 

EuskoTrenen ere gutxieneko zerbitzuak baino ez daude, lan uztea erabatekoa izan da bertan ere.

Manifestaldiak hiriburuetan
Larunbaterako bestalde, eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazioak deitu dituzte Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak. Mobilizazio bana baita, "Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku" lemapean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa 17:30etan abiatuko da Bulebarretik.

Mobilizazioekin bat egin du udalbatzak
Administrazio publikoko langileen lan baldintzak eta zerbitzuak okertuko direla ohartarazita, espainiar gobernua sektore publikoan burutzen ari den erreformen aurka agertu zen Usurbilgo udalbatza, Bilduk urtarrilaren 31ko osoko bilkuran gai honen inguruan aurkeztu zuen mozioaren bidez. Gehiengo osoz onartu zen, hiru puntuko testua. Batetik, mozioak dioenez, "Udal honek, Espainiako Gobernuaren presidente den Mariano Rajoyk iragarritako neurriak errefusatzen ditu; bigarrenik, "Udal honek, geroz eta premiazkoagoa den Ongizate Estatuaren defentsan kontsentsua mantentzea eskatzen du; udalek eman behar dituzten zerbitzuen alde egiteko; eta azkenik, "Madrilen onartutako neurri hauen larritasunaren eta ondorioen aurrean, Udal honek euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizatu eta kalitatezko eta herritarrengandik gertueneko sistema publikoaren aldeko konpromisoa adieraz dezan".