Atzoko ezohiko osoko bilkuran, udalbatzak Kontratazio-Mahai Iraunkorra osatzea aho batez onartu zuen. Gobernu taldeak komenigarritzat jo du halako proposamen bat egitea. Gai honi lotuta aurkeztu zen diktamenak jasotzen du zergatia: "Udalak sustatzen dituen kontratazio jardunbideak ugariak direla ikusita, prozedura guztiak antolatu eta Kontratazio-Mahaien konposaketa eta bilerak arautzea komenigarria ikusi da". Ez horregatik, bakarrik, atzo udal ordezkari guztien babesa jaso zuen diktamenak aipatzen duenez, "era berean prozedura hauek ahalik eta partaidetza eta gardentasun maila handiena izan dezaten".
Osaketa
Pertsonal Batzordetik igaro eta atzo udalbatzak aho batez onartu ostean, aipatu kontratazio mahaia modu honetan osatuko da:
-Lehendakaria: alkatea izango da. Ordezkoa, Alkateordea.
-Bokalak: gaiaren ardura duen batzordeburua, Udal Idazkaria, Udal Kontuhartzailea eta gaiari lotutako udal teknikaria izango dira.
-Idazkaria: Kontratazioko Udal Teknikaria izango da. Ordezkoa, idazkaritzako administraria.
Udal taldeek ere aipatu kontratazio mahaian parte hartzeko aukera izango dute. Talde bakoitzetik ordezkari bana egon ahal izango da bertan, "soilik iritzia emateko aukera izango dutelarik". Bozka eskubiderik ez.