Hasieraz onartu dira, 2012rako Udal Aurrekontuak

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 9a, 00:00

10.982.729 euro, Kirol Patronatuko aurrekontua batuz gero, aurtengo egitasmoak bideratzeko guztira 11.363.702 euro izango ditu Usurbilgo Udalak. Atzo onartu ziren hasieraz, 2012rako Udal Aurrekontuak. Proposamena, gobernu taldeak babestu zuen. Gainerako udal talde guztiek aurka bozkatu zuten. Orain, erabakia Iragarki Oholean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunez jendaurrean jarriko da. 


Hiru milioi euro gutxiago
Duela astebete Bilduk udal aurrekontu proposamena herri eragileei aurkezteko Artzabalen deitu zuen bileran aurreratu zenez, gobernu taldeak hiru milioi euroko murrizketa aplikatuko du. Pertsonal gastuetara eta ondasun arrunten erosketetara bideratuko ditu diru-partida potoloenak; 3.630.845 euro eta 4.906.240 euro hurrenez hurren.

Behar beharrezko inbertsioak baino ez dituela burutuko adierazi zuten Bilduko udal ordezkariek, duela astebeteko aurkezpen saioan. Iragarri zutenez, Udarregi ikastolako eraikin berriko proiektua laguntzeko asmoa du Udalak. Zehazkiago esanda, Agerialdeko patioa birmoldatzeko 182.500 euroko diru partida bideratu asmo du gobernu taldeak. 270.350 euro berriz, joan den azaroko uholdeetan kaltetu ziren herri bideak konpontzeko. Diru partida nagusien artean, aipatzekoa bestalde, Mikel Laboa plaza frontoi atzeraino oinezkoentzat izateko burutuko diren lanen bigarren fasea. 153.000 euroko diru partida aurreikusi du Bilduk, egitasmo honetarako. Herri merkataritza sustatzea izango du helburu.

Desadostasunak, %0,7aren inguruan
Aipatutakoak dira, diru kopuru aldetik, 2012rako inbertsioen atalean Usurbilgo Udalak aurreikusten dituen diru-partida potoloenak. Aurrekontuon bidez, hiru milioi euro aurreztu asmo ditu Bilduk. Atzoko saioan, Mertxe Aizpurua alkateak gogorarazten zuenez, aurtengoak krisialdi ekonomikoaren testuinguruan kokatu beharreko udal aurrekontuak dira. Batez ere, aprobetxamendu urbanistikoan izan den beherakadak, foru fondoko murrizketak, eta uholdeek eragindako kalteak baldintzatutako proposamena zela adierazi zuen. "Gainean egotearen beharra dute" aurrekontuok, Aizpuruaren esanetan. Gastuen kontrolaren jarraipena egiteko asmoa du beraz, gobernu taldeak, egoerak zaila izaten jarraituko duela aurreikusten baitu Bilduk.

2012ko udal aurrekontu proposamena babestu zuen bakarra izan zen gobernu taldea. Gainerako udal taldeek aurka bozkatu zuten. Aralarren kasuan, ekarpenak egiteko aukera eduki izanagatik gobernu taldea eskertu nahi izan zuen Eustakio Arrojeriak, "gehienak onartu dituzue" esanez. Aldiz, udal aurrekontuen aurka bozkatuko zutela iragarri zuen. "Printzipio kontuagatik" desados agertu zen Aralar, garapen bidean diren herrialdeetara bideratuko den diru partiden ehunekoa, iaztik hona jaitsi duelako Bilduk; %1etik, %0,7ra hain zuzen. Iazko kopurua mantentzea eskatzen zuen Arrojeriak. 

Beste hainbeste, Hamaikabatek ere. Aurrekontuen aurka bozkatuko zuela iragarri zuten. Taldeko bozeramaile Luismari Ormaetxeak, eurek ekarpenak aurkeztu arren, gehienak ez zirela onartuak izan zioen. Tartean, garapen bidean diren herrialdeetara bideratu beharreko diru partidaren ingurukoa legoke. Zalantzan jarri zituen bestalde, hileotan Atallun eta Txagañeta eremuei lotuta Udalak hartu dituen erabakiak. Kirol Patronatuaren bideragarritasun finantzarioa aztertzeko plan bat, hezkuntza alorreko azterketa eta enplegu programa propio bat izatea eskatu zuen Hamaikabatek. Gizarte larrialdietara 70.000 euro bideratzea gutxiegi izan zitekeela adierazi zuen Ormaetxeak.

Gobernu taldeak EAJ-PNV-ren ekarpenak jasotzeko eginiko lana nabarmendu zuen jeltzaleen bozeramaile Andoni Atxegak. Edozein kasutan, aurrekontuen aurka bozkatuko zutela iragarri zuen. "Gure pentsatzeko eran onartezinak" dira, bere esanetan, Elkartasun Fondoa %0,7ra jaistea, langileen soldatak igotzea eta gehiegizkoa iruditzen zaie, Kiroldegiko 600.000 euroko gastua.

Ildo beretik, zenbait diru partidekiko desadostasuna agertuz, PSE-EE-ko ordezkari Ricardo Crespok aurrekontuen aurka bozkatzeko asmoa adierazi zuen. Garabidean diren herrialdeetarako diru partida murriztearekin desados agertu zen. Euskal preso politikoen senideei diru-laguntza ematea ez zuela babestuko adierazi zuen, nahiz desio zuenez, "espero dut, denbora laburrean, ia ez den beharrezkoa halako diru partida bat egotea". Eskola Publikoaren inguruan ere irtenbideren bat planteatzea komenigarritzat jo zuen.

Lanketa ona egin da, gobernu taldearen arabera
Oposizioko taldeen adierazpenen ostean, zenbait argibide emateko Mertxe Aizpurua alkateak hartu zuen hitza. Hasteko, "ekarpenak ondo landu dira eta erantzuna eman zaie", zioen. Jarraian, onartezin eta ulertezintzat jo zituen, garabidean diren herrialdeetara bideratu beharreko diru partidaren inguruan Aralarrek eginiko adierazpenak. Eskubide osoa izan arren, "ezezko botoa ematea arrazoi bakar horrengatik onartezin eta ulergaitza da" zioen Aizpuruak. Gobernu taldeak erabaki hau derrigortuta hartu duela gaineratu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuen eta Durangoren atzetik, "ekarpen handiena ematen duena" Usurbil dela gogoraraztearekin batera. 

Gainerako adierazpenei erantzunez, gobernu taldeak egoki ikusi zuen oposiziotik eskaturiko auditoria, Alaitz Aizpurua zinegotziak zehaztu zuenez, "aurten ez, baina 2013an" egitea. Kirol Patronatuko bideragarritasun plana aurrera ateratzeko asmoa ere badu Bilduk, "neurri zuzentzaileak" planteatzeko. Eskola publikoaren gaia ere ahotan hartu zuen, euskara, kultura eta gazteria alorretako zinegotziak. Usurbilen sortu den guraso taldearekin bildu direla berri emateaz gain, gai honen inguruko azterketa egiteko asmoa dutela adierazi zuen. Baina ohartarazi zuenez, "beste kontu bat da, Udarregi Ikastolarekiko dugun konpromisoa zalantzan jartzea". Aizpuruaren esanetan, ikastolatik aspalditik datorren beharrari erantzuten jarraitu asmo du gobernu taldeak.