Espainiar estatuak eginiko estradizio eskaerengatik datorren asteazkenean, otsailaren 15ean epaituko dute Patxi Segurola. Eskaera hauen inguruko erabakia jakinaraziko du epaileak. Parisen izango da epaiketa. Aginagarrari babesa eta elkartasuna adieraztera joateko autobusa antolatu du Usurbilgo Ezker Abertzaleak. Aldez aurretik izena eman duten herritarrak, otsailaren 14an, asteartean, gaueko 24:00etan abiatuko dira busez Parisera, Bordatxoko errotondatik. Usurbilgo Ezker Abertzaletik ohartarazi dutenez, "puntualak izatea gomendatzen da. Gutxi gorabehera hamar orduko bidaia izango da eta bidai luzea denez honako hauek eramatea gomendatzen da: erropa erosoa eta hotzari aurre egiteko beroki, oinetako, txapela, bufanda, guanteak?, manta edo zakua, almoada edo kojina eta jatekoa (hamaiketakoa, bazkaria eta afaria)".