2011ko abenduan 281 langabetu zeuden Usurbilen, INEM erakundearen arabera; 146 emakume (%52) eta 135 gizonezko (%48). Aurreko hilabetearekin alderatuta, %5,7 egin zuen behera langabeziak Usurbilen. Urtebete lehenago baino 49 langabetu gutxiago zenbatu ziren, %14,8 egin zuen behera langabeziak 2010eko abenduaz geroztik. Eskualdeko joera aldatzen du: eskualdean, 2011ko urritik azarora, %0,1 igo baitzen langabezia tasa. Eta Gipuzkoan, %0,3. Oso modu argian, zerbitzuena da langabetu gehien biltzen jarraitzen duen sektorea; hirugarren sektore horretan kokatzen da eta, Usurbilgo langabetuen %60a, 169. Askoz gutxiago, 58 (%20,6) industrian, edota 36 eraikuntzan (%12,8). Eskualdean,
Urte amaierako datuek iazko udaberritik nabarmendu den joera baieztatu baino ez dute egin; azken sei hileotan, beherantz doa langabezia Usurbilen. 2008ko udazkenaz geroztik goranzko joera argia izan ostean, 2011ko maiatzean inflexio puntua izan eta ordutik, azken hileotan murrizten joan da Usurbilgo langabetu kopurua. INEM erakundetik jaso eta Usurbilgo Udalak, euren usurbil.net web orrialdearen bidez ezagutzera eman dituen datuak dira hauek. Joan den urte amaieran, 281 ziren Usurbilen zenbatu zituzten langabetuak. Duela urtebete, 341 langabetu zeuden herrian.
Krisialdiak joerak aldatu ditu
Sexuaren arabera, tradizionalki emakume langabetu gehiago egon ohi da Usurbilen. Baina krisialdi ekonomikoan murgildu ginenetik, joerak aldatu dira. Gizonezkoen langabezia-tasa ia hirukoiztu egin da azken urteotan. 2008ko abuztuan 64 gizonezko lanik gabe bazeuden, 165 ziren iazko maiatzean INEM-ek zenbatu zituen langabetuak. Urte amaierarako halere, kopurua 135 langabetura jaitsi zen.
Emakumeen langabezia kopuruak ere goranzko joera argia izan du, baina ez da gizonezkoenen kasuan bezala, bat batekoa izan, pixkanaka igo da Usurbilgo emakume langabetuen kopurua. 2008ko azaroan 104 emakume lan bila zebiltzan, 2011ko maiatzean 179. Aipatu hilabete horretatik aurrera, joerak berriz ere aldatu, eta lehengora itzuli gara; Usurbilen gizonezkoak baino emakume gehiago dago berriz, lanik gabe. Erregistratua dagoen azken datua, hasieran aipaturikoa da; 2011ko abenduan, 146 emakume eta 135 gizon lanik gabe zeuden Usurbilen.
Buruntzaldean, beherakada handiena gurean
Orain arte aipaturiko datuok, Buruntzaldea bailarako gainerako bost udalerrietako zifrekin alderatuta, Usurbilekin batera Hernani da lana aurkitu dutenen kopuruak gorantz egin duen herri bakarra; 2011ko urritik azarora, bertan %0,5 egin baitzuen behera langabeziak. Baina Usurbilgo datutik urruti dago; gurean, beherakada %5,7koa izan zen eta. Astigarragan (%7,2), Lasarte-Orian (%0,1), Andoainen (%0,5) eta Urnietan (%1,4) aldiz langabetu kopuruak gora egin zuen 2011ko urritik azarora.
Urtebete lehenagoko datuekin alderatuta, Buruntzaldea mailan dauden datuak are deigarriagoak dira. 2010eko azarotik 2011ko azarora, Usurbilen bakarrik ezin zuen behera langabeziak, oso modu nabarian gainera, %14,8an murriztu baitzen. Astigarragan (%20,1), Hernanin (%5,3), Lasarte-Orian (%6,4), Andoainen (%1,8) eta Urnietan (%9,1) aldiz langabetu kopurua gehitzen joan zen. Eskualde osoan, azken urtean %4,2an gehitu zen langabezia tasa. Dezima bat gehiago Gipuzkoan, %4,3.
Grafiko eta datu guztiak, Usurbilgo Udalaren web orrialdean ikus daitezke.