Eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazioak, larunbatean

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 10a, 00:00

Eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazioak deitu dituzte Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak, larunbat honetarako, otsailaren 11rako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostiakoa, 17:30etan abiatuko da Bulebarretik, “Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku” lemapean. Usurbilgo Ezker Abertzaleak deialdiarekin bat egin eta herritarrak Donostiara joatera deitu ditu.


Hartzen ari diren neurrien aurka eta burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarrituriko bestelako eredu sozial eta ekonomikoa aldarrikatzeko deitu dituzte biharko mobilizazio hauek. Antolatzaileek herritarrei hitzorduotan parte hartzera deitzen diete. 

Lan uzteak atzo
Biharko manifestaldien atarian, sektore publikoan aplikatzekoak diren erreformen aurka eta kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzeko, lau orduko lan uztea burutu zen atzo. Usurbilen ere eragina izan zuen. Deialdiarekin bat egin zuten, besteak beste, Usurbilgo Udaleko langileek, Bilduko hautetsiek, edota Udarregi Ikastolako langileek. 

Mozioa 
Administrazio publikoko langileen lan baldintzak eta zerbitzuak okertuko direla ohartarazita, espainiar gobernua sektore publikoan burutzen ari den erreformen aurka agertu da Usurbilgo udalbatza, Bilduk urtarrilaren 31ko osoko bilkuran gai honen inguruan aurkeztu zuen mozioaren bidez. Gehiengo osoz onartu zen, hiru puntuko testua. Batetik, mozioak dioenez, "Udal honek, Espainiako Gobernuaren presidente den Mariano Rajoyk iragarritako neurriak errefusatzen ditu; bigarrenik, "Udal honek, geroz eta premiazkoagoa den Ongizate Estatuaren defentsan kontsentsua mantentzea eskatzen du; udalek eman behar dituzten zerbitzuen alde egiteko; eta azkenik, "Madrilen onartutako neurri hauen larritasunaren eta ondorioen aurrean, Udal honek euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizatu eta kalitatezko eta herritarrengandik gertueneko sistema publikoaren aldeko konpromisoa adieraz dezan”. 

Hedabideak berri ematen ari direnez, ostiral honetan onartzekoa da gobernu espainiarra, erasokor gisa definitzen ari diren lan-erreforma.