Jarri zioten espetxe zigorra kitatzeko geratzen zitzaion 108 eguneko espetxealdia beteta, asteazken honetan, otsailaren 15ean aske geratuko da Karlos Martin herritarra. Usurbilgo Ezker Abertzaletik berri eman dutenez, ongi etorria egingo zaio etzi bertan. Iluntzeko 19:30etan jarri dute hitzordua Aitzagan. Usurbileginez.com web orrialdeak gogorarazten duenez, "2003ko urriaren 8an atxilotu zuen lehen aldiz Poliziak, bere etxean. Hiru urte eskas espetxean eman zituen, 2006ko ekainaren 23an fidantzapean aske geratu zen arte. 2009ko abenduan epaitu zuten eta 7 urteko kondena jaso zuen, helegitea tartekatu ostean, Epaitegi Gorenak hiru urtetan utzi zituenak, 2011ko otsailean. 2011ko urriaren 28tik geratzen zitzaizkion hiru hilabeteak kunplitzen ari da". Martuteneko espetxean egon da hileotan, eta aipatu moduan, etzi aske geratuko da Martin.
Patxi Segurola epaituko dute etzi
Karlos Martin aske utziko duten egun berean epaituko dute Parisen Patxi Segurola. Estatu espainiarrak estraditatzeko eginiko eskaerekin zer egingo den jakinaraziko dio epaileak, asteazken honetan. Bihar gauerdian irtengo da Bordatxotik, aginagarrari elkartasuna eta babesa adieraztera Parisera joango den autobusa. Usurbilgo Ezker Abertzaleak antolaturiko joan etorrirako izen ematea atzo itxi zuten. Usurbileginez.com web orrialdetik iragartzen ari direnez, Parisera joandakoak Karlos Martini etzi egingo zaion harrera ekitaldirako bueltan izango dira. "Ordu horretarako Patxi Segurola herritarren estradizio eskaeraren epaiaren erabakia jakingo dugu eta Parisera joandako herritarren bizipenak ere izango ditugu", ohartarazi dute.