Gauerdian abiatuko da, Patxi Segurolari elkartasuna adierazteko Pariserako autobusa

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 14a, 00:00

Bihar epaituko dute Parisen Patxi Segurola herritarra. Joan den igandera arte izena eman zuten herritarrak, gauerdian Bordatxoko errotondatik abiatuko dira autobusez, aginagarrari asteazken honetan epaiketa lekura bertara elkartasuna eta babesa adieraztera. Usurbilgo Ezker Abertzaletik antolatu duen bidaiaren inguruan berri eman dutenez, "gutxi gora behera hamar orduko bidaia izango da, eguraldiak laguntzen badu noski. Parisera iritsi bezain pronto senitartekoek eta herritarrek, epaiketa hasi aurretik, Patxirekin egoteko aukera izango dute".


Hitzordua ere zehaztua dago jada, usurbileginez.com web orrialdea berri ematen ari denez. Segurola arratsaldeko 14:00etatik aurrera epaituko dute. Saioan bertan, estatu espainiarrak eginiko estradizio eskaeren inguruko erabakia jakinaraziko zaio aginagarrari.  

Joan etorrirako argibideak
Gauerdian Pariserako autobusean joateko asmoa duten herritarrei zuzenduriko zenbait ohar plazaratu ditu Usurbilgo Ezker Abertzaleak. Lehenbizi, puntualak izatea eskatzen diete autobusean izena eman dutenei. Aipatu moduan, gauerdian, 00:00etan abiatuko da busa Bordatxo pareko errotondatik. Joan etorrirako eramatea gomendatzen dutena, honakoa da: erropa erosoa eta hotzari aurre egiteko (txapela, guanteak, bufanda, oinetako erosoak…), almoada edo kojina, zakua edo manta, janaria (hamaiketakoa, bazkaria eta afaria). Zehaztasun gehiago behar dituenak, Usurbilgo Ezker Abertzaleak jarritako helbide honetara idatzi dezake: usurbileginez@gmail.com

Karlos Martini ongi etorria bihar, 19:30etan Aitzagan
Patxi Segurola Parisen epaituko duten artean, Karlos Martin herritarra aske utziko dute asteazken honetan, jarri zioten espetxe zigorra kitatzeko geratzen zitzaion 108 eguneko espetxealdia bete ostean. Ongi etorri ekitaldia antolatu zaio, bihar iluntzeko 19:30etan Aitzagan. Ordu horretarako, Usurbilgo Ezker Abertzaletik berri eman dutenez, "Patxi Segurola herritarren estradizio eskaeraren epaiaren erabakia jakingo dugu eta Parisera joandako herritarren bizipenak ere izango ditugu".