Bi urtez behin egin ohi den prozedura abian du Kirol Patronatuak; abonatuen ordezkaritza berritu asmo baitu. Horretarako egutegia ere finkatua dute jada. Honakoa da:
-Otsailak 1-15: abonatuen behin-behineko zerrenda agerian jarriko da Oiardo Kiroldegian (usurbildarren 18 urtez gorakoena), akatsak zuzentzeko.
-Otsailak 22: hautagaiak aurkezteko epea.
-Otsailak 24: behin betiko abonatuen zerrenda eta hautagaiak onartzea eta iragartzea.
-Martxoak 1: erreklamazioak egiteko azken eguna.
-Martxoak 9: bozketa eguna.
Jai egun berriak
Abonatuen ordezkaritza berrituko dela jakinarazteko eskutitz bana bidali zaie Oiardo Kiroldegiko bazkideei. Gutun azal berean gainera, urte honetatik aurrera Oiardo Kiroldegiak jai egun berriak izango dituela jakinarazten da. Horretarako, Kirol Patronatutik berri eman dutenez, "urteko jai batzuk aldatu ditugu euskal egutegi bat egite aldera". Jai egun berriak honakoak izango dira: martxoak 8 (Emakume Langilearen Eguna), maiatzak 15 (Baserritarren Eguna) eta abenduak 3 (Euskararen Eguna). Egunotan, Oiardo Kiroldegia itxita egongo da goizez, 9:00-13:00 artean. Orain arte jai egun izan diren egunotan berriz normaltasun osoz lan egingo dute Oiardon: urriaren 12an eta 25ean eta abenduaren 6an. Aipatu moduan, hiru egunotan, Kiroldegia irekita egongo da 7:00-22:00 artean, igerilekua iluntzeko 21:00ak arte.