28 herri eragile desberdinek guztira 117 ekimen antolatu zituzten Usurbilen, joan den 2011. urtean. Datua, Udaleko Euskara eta Kultura Sailak eman du ezagutzera, diru-laguntza deialdiak abian diren honetan. Gogoan izan, kultura eta gizarte zerbitzuetako diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik izango da, otsailaren 27ra arte. Kirol alorretako eskabideak hilaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dira. Aurtengoan behintzat, gobernu taldeak orain arteko diru-laguntzak bere horretan mantentzea erabaki du.
Zazpi urtetan, eragile kopurua bikoiztu da
Eskaerak egiteko epea zabaldu aurretik, laguntzetako oinarriak osoko bilkuran onartu ziren. Lehenago, aipatu beharra dago, alorrez alor egin den lanketa. Kulturakoak, udal ordezkari eta herri eragileak biltzen diren Kultura Aholku Batzordean landu dira. Kiroletakoak, Kirol Patronatua osatzen duten hiru ordezkari politiko, Eskola Kiroleko, abonatuen ordezkari eta Kirol Elkarteeko ordezkariaren artean.
Diru-laguntzak eskatuta, eskaerok onartzen zaizkien taldeei, laguntzaren %75a hasieran bertan jasoko dute. Beste %25a ordea zuriketak egin ostean. Usurbilgo Udaletik gogorarazten dutenez, taldeak baino taldeek antolatzen dituzten ekimenak dira diruz lagundu nahi dituztenak. Iaz, aipatu moduan, 28 eragileren eskutik 117 ekintza antolatu ziren herrian. Diru-laguntzak martxan jarri ziren urtean, 2005ean, 14 talde aurkeztu ziren lehen deialdi hartara. Orduko hartan, 76 ekintza antolatu ziren. Zazpi urteotan ekitaldi eskaintzan eta herri eragileen kopuruan izan den gorakada, nabarmena da beraz.
Deialdi berriak
Kultura, kirola eta gizarte zerbitzuetako diru-laguntzak eskatzeko epea otsaila bukaeran amaituko da. Datozen hileotan halere, mota honetako deialdi gehiago egingo dira. Aurtengoan, ingurumen alorreko diru-laguntzak ere banatuko baititu Usurbilgo Udalak. Eskaerak egiteko epea laster zabalduko da. Eta ekainean, urtean zehar aisialdiko zuzendari edo begirale titulua ateratzeko euskaraz ikastaroa egin duten 18 urtetik gorako usurbildarrek ere, diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Modu honetan, herrian antolatzen diren Udajolas, ludoteka eta txokoetarako herritarrak prestatzea bultzatu nahi du Udalak. Ez ahaztu bestalde, ekainean bertan baita, euskaltegian ikastaroren bat egin dutenek ere laguntza jasotzeko aukera izango dutela.