Udarregi Ikastolakoek abiatuko dituzte inauteriak, ostiral goizean

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 15a, 00:00

Ate joka ditugu aurtengo inauteriak, bi egun barru mozorro festan murgilduko da Usurbil. Lehenik, guraso, senide eta herritarren artean ikusmin nabarmena sortu ohi duen Udarregi Ikastolako ikasleen inauterietako ikuskizuna, ostiral honetan, otsailaren 17an ospatuko da. Eskubaloi partiden aretoa egun batez eskenatoki bihurtu ohi den lekura, ikasleak zer modutan mozorrotuta agertuko diren aurreratu dute jada Udarregi Ikastolatik; Haur Hezkuntzakoak zakuekin, DBH-koek kultura desberdinak ordezkatuko dituzte. Eta aipagarriena; Lehen Hezkuntzako ikasleek egun horretarako janzteko hautatu duen gaia bat dator, hilaren 18an Usurbilen antolatua dagoen Inauteri Festarekin. Mitologia izango baita, mozorrotzeko eta dantza egiteko aukeratu duten gaia. Mailaz maila beraz:
-HH: zakuekin. 
-LH1: galtzagorriz. 
-LH 2: sorginez. 
-LH 3: Mundakako Lamiak. 
-LH 4: Tartaloz. 
-LH 5: San Miel eta Herensugea. 
-LH 6: hipiez. 
-DBH 1: hawaianoz. 
-DBH 2: jamaikanoz. 
-DBH 3: kubatarrez.

Emanaldiaren aurretik, desfilea
Mozorrotuta kalera irteten lehenak, Lehen Hezkuntzako ikasleak izango dira. Oiardo Kiroldegiko ikuskizunaren aurretik, Kaxkoan eta Kalezarren barrena desfilatuko dute. Dantzan osatuko dute ibilbidea. Guztiek, Kiroldegiko atarian amaituko dute kalejira, eta bertan, DBH zikloko ikasleekin topo egingo dute. Hilaren 17an eskenatoki izango duten kiroldegira, dantzan sartuko dira. Hamaikak pasatxoan izango da. Minutu batzuk lehenago ailegatuko dira Haur Hezkuntzakoak. Eskubaloi partidak jokatzen diren aretora sartzen lehenak izango dira. Ikasle, irakasle, guraso eta emanaldia ikustera joateko asmotan diren guztiek kontuan izan beharreko hitzordua da honakoa; otsailaren 17an, 11:15etan hasiko da Udarregi Ikastolakoen inauterietako ikuskizuna. 

Hona hemen, otsailaren 17ko egitaraua:
10:20 LHko ikasleen desfilea eta dantza, Kaxkoan barrena. Ibilbideak: 
-LH 1,2,3: Alperroburu, San Inazio, Barren-kale, Kale Nagusia, Erreka-Txiki, Puntapax, Bordatxoko errotonda, Kiroldegia. 
-LH 4,5,6: Gernika ibilbidea, Zubiaurrenea, Kalezar, Belmonte, Puntapax, Bordatxoko errotonda, Kiroldegia. 

10:55 HHko haurrak Ikastolatik Kiroldegira jaitsiko dira. 

11:10 "Martxa" dantzatuz, LH eta DBH-ko ikasleak mailaka Kiroldegira sartuko dira. 

11:15-12:25 Inauteri Festako ikuskizuna. 

Antolatzailea: Udarregi Ikastola.