Kultur etxe berriko inaugurazio ekitaldia prestatzeko, Kultura Aholku Batzordea gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 15a, 00:00

Laster inauguratuko da Irazu kalean kokagunea izango duen kultur etxe berria. Ospakizun ekitaldia prestatzeko Kultura Aholku Batzordeko bilera deitu da, gaur arratsalderako. Betiko orduan, baina ezohiko lekuan burutuko da bilera. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, udalbatza aretoan ez, oraingoan Artzabalen baizik. Ohi bezala, bilkura irekia izango da; herri eragile eta herritarrek parte har dezakete gaurko hitzorduan. Datorren Kultura Aholku Batzorde honetan gainera, martxan den diru-laguntza deialdiaz ere jardungo dute. 

Hona hemen, batzorde kideek ahotan hartuko duten gai zerrenda osoa: 
1-Aurreko bilera akta onartzea (20012-01-11). 
2-Kultur Etxe berriaren inaugurazioa prestatzea. 
3-Diru-laguntza deialdia: berri ematea. 
4-Norberak lekarkeena. 

Eraikin berriari buruzko artikulua 
Gutxi barru inauguratuko den eraikinaren inguruko artikulu bat kaleratu dute, Euskal Herriko Unibertsitateko arkitektura ikasleek. Helbide honetan, eraikinari buruzko iritzia ematen dute, bideo eta irudiak erakutsiz: arkitekturaz.com/2012/02/13/grande-potxonea/ 

Diru-laguntza eskaerak egiteko aukera 
Gogoan izan bestalde; zabalik dago, kultura, kirola eta gizarte ongizateko udal diru-laguntzak eskatzeko epea. Otsailaren 27ra arte, kultur eta gizarte ongizate alorrekoak. Kiroletakoak otsailaren 29ra arte. Oinarriei buruzko informazio guztia, usurbil.net web orrialdean jaso daiteke. Gaurko bilkuran, gai honen berri ere emango da.