Estatu espainiarrak Patxi Segurola estraditatzeko eginiko bi eskaerak onartu zituen atzo Pariseko epaitegiak. Epaiketa saio oso laburra izan zen. Usurbileginez.com web orrialdetik berri eman dutenez, "epaiketak 5 minutu eskas iraun ditu eta epaitegian Patxi eta bere abokatuaz gain, Parisera babesa eta elkartasuna ematera joan diren herritarrak ere sartu dira. Epaia entzun eta segituan Patxik helegitea jarri du ebazpenaren aurka". Aipatutakoa, erabaki honen aurrean, helegitea jarri du aginagarrak. Momentuz, prozesu honek iraun artean, orain arteko egoera berean, Autunen (Frantzia) konfinatuta jarraituko du Segurolak.
Epaiketaren bezperan, Parisetik bueltatzen bazen, berriz Facebook-en idaztera itzuliko zela adierazia zuen aginagarrak. Baita hitza bete ere. Bart gauean, sare sozial honetan duen orrialdean, jasotako babes eta elkartasuna eskertu nahi izan zuen. Hauxe, bere osotasunean, aginagarrak Facebook-en idatzi duena:
"Gabon,
Atzo aipatu nizuen, gaur Pariseko epaitegitik bueltatzen banitzen, zuen artean izango nintzela eta hemen nauzue!! Mila esker elkartasuna adierazi didazuen guztioi eta batez ere Parisera igo zareten guztioi!! Baita ere ondoezak jota bidean gaua pasatzen gelditu diren bi lagunei, espero dut ondo izango zarela Miren ta musu haundi bat!!
Aitortuko dizuet, zeuek izan zarete lekuko, zeharo hunkitua nintzen gaur goizean elkartu garenean. Aspaldiko urteetan ikusi ez nituen adiskideak ikusi bai ditut, eta ezagutzen ez nituen batzuk ere ezagutzeko aukera izan dut. Ordu batzuk elkarrekin pasa ditugu, azkar pasa da denbora, baino, naiz eta zuek bide luzea egin, nire ustetan merezi zuen, zuek etorri zaretenok esango didazue!!
Besarkadak eta laster arte, ez da bukatu!!
Patxi."
Aipatzekoa da, epaiketa bezperan, atzo egunean zehar, eta azken orduotan baita, ez bakarrik Parisen bertan edota bart Aitzaga atarian, sare sozialen bidez ere herritar askoren elkartasuna jaso duela aginagarrak.
Elkartasun mobilizazioa
Atzo egunean zehar, Usurbildik Parisera joandako senide eta herritarren babesa jaso zuen Patxik. "Zorionez Patxi ez da bakarrik egon, egun guztian zehar lagun eta senideekin egon baita. Bertan izan diren herritarrek egunean zehar une hunkigarriak bizi izan dituzte eta arratsaldean, autobusean bueltako bidea hartzeko unea gogorra eta emozioz betetakoa izan da", adierazi du Usurbilgo Ezker Abertzaleak.
Karlos Martini atzo iluntzean Aitzaga atarian egin zitzaion harrera ekitaldia, Patxi Segurolari elkartasuna adierazteko ere baliatu zen. Besarka bat bidali zitzaion bertatik.
2010eko azaroan geratu behar zuen aske Patxi Segurolak 15 urteko espetxealdia bete ondoren, baina Madrilek estradizio eskaera igorri zuen. Orain urtebete geratu zen aske, aldiz Estatu frantsesak Autun herrian (Borgoinan) konfinatu zuen.
Irudia eta iturria: usurbileginez.com