Inauteri Festako afaritarako txartelak erosteko azken aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 16a, 00:00

Gaurkoa da, larunbatean ospatuko den Inauteri Festako afaritarako txartelak erosteko azken eguna. Hiru guneotan salgai jarri dira; Txiribogan, Irratin eta NOAUA!-ko egoitzan, 15 eurotan. Aurtengo afaria, Olarrondo jatetxean ospatuko da. Otordura joateko asmoa dutenek, honako menua dastatu ahal izango dute: fritoak, perretxiku nahaskia, eta arraina edo haragia aukeran. Postrerako, aukeran baita: arroz-esnea edo txokolatezko browine-a. Afaritara mozorrotuta joatea ezinbestekoa izango da.

Bihar murgilduko gara Inauterietan
Mozorro festaren hiriburu nagusia, Tolosa ostegun honetan jai giroan murgilduko den arren, Usurbilen inauteriei ekiteko zertxobait gehiago itxaron beharko da. Bihar arte hain zuzen. Ostiral honetan, Udarregi Ikastolako ikasleek ikusmina sortu ohi duen emanaldia eskainiko dute 11:15etatik aurrera Oiardo Kiroldegian. Lehenago, Lehen Hezkuntzako ikasleek Kaxkoa eta Kalezar inguruak zeharkatuko dituen desfile batean parte hartuko dute. 6-12 urte arteko ikasle gehienak hain zuzen, etziko Inauteri Festarako hautatu den gaiarekin bat egin dute; mitologiako pertsonaia desberdinez mozorrotuko baitira.

Larunbateko festa, kalean
Inauteriak kalean ospatzeko festak izan ohi dira, eta alde horretatik, aurtengoa ez da salbuespena izango. Larunbat honetan, mitologiaz mozorrotuko zaigu herria. Txartelen salmentari eta herritar batzuei zein besteei entzunda, aurten ere ez dira gutxi mozorrotzeko asmotan dabiltzanak. Inauteri festa honetan parte hartu nahi duen ororentzat, zenbait ekitaldi antolatu ditu etzirako, NOAUA! Kultur Elkarteak, Zumarte Musika Eskolak, Gaztelekuak eta herriko zenbait koadrilek. Kalejira bana ospatuko da eguerdi eta iluntze partean, Zumartxan eta Burrunbazale txarangen eskutik hurrenez hurren. Gaztelekuak, 12-16 urte arteko gazteei zuzenduriko "Ilargi-Eguzki" festa antolatu du, bazkalosterako. Eta aipatu moduan, afaria izango da Olarrondo jatetxean. Hortik aurrera, etzi parranda giroa nagusi goizaldera arte.

Zumarteko abesbatzen kontzertu sorpresa
Inauteriak borobiltzeko, Zumarte Musika Eskolak emanaldi berezia antolatu du datorren astearterako, otsailaren 21erako. Zumarte abesbatzek saio sorpresa eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan.

Inauteri hauetako hitzordu guztien informazioa, egunez egun, Agenda atalean.