Harrera beroa jaso zuen atzo Karlos Martinek, Aitzaga atarian

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 16a, 00:00

Ongi etorri beroa jaso zuen atzo iluntzean, Karlos Martin herritarrak. Iragarria zegoen moduan, aske geratu zen goizean, Martuteneko espetxetik irten ostean. Jarri zioten zigorra kitatzeko 108 egunez espetxealdia bete eta gero geratu da aske. Aipatu moduan, lehen harrera Usurbilen egin zitzaion, iluntzeko 19:30etan Aitzaga parean. Berak eskerrak eman nahi izan zizkiei bertan zeudenei, dantzariek agurra dantzatu zioten, lore sorta eman eta ondoren, Aitzaga barrura sartu zen Martin, bere argazkia kentzera. Eskutan zuela irten zen herriko tabernatik, eta ekitaldia hasi bezala amaitu zen, bertaratu ziren herritarren txalo artean. 

Ongi etorrian zehar, gaur aske geratu arte, Martinek azken urteotan bizi izan duen egoeraren labur bilduma egin zuten. Usurbileginez.com web orrialdeak gogorarazten duenez, "2003ko urriaren 8an atxilotu zuen lehen aldiz Poliziak, bere etxean. Hiru urte eskas espetxean eman zituen, 2006ko ekainaren 23an fidantzapean aske geratu zen arte. 2009ko abenduan epaitu zuten eta 7 urteko kondena jaso zuen, helegitea tartekatu ostean, Epaitegi Gorenak hiru urtetan utzi zituenak, 2011ko otsailean. 2011ko urriaren 28tik geratzen zitzaizkion hiru hilabeteak kunplitzen ari da". Martuteneko espetxean egon da hileotan, eta aipatu moduan, atzotik aske da Martin.